GARA Euskal Herriko egunkaria
ZIRIKAZAN

Deskonektatu, beldurrik gabe


Twitter-ik eta Facebook-ik eta inongo sare sozialik ez edukitzeak, telefonoa bera ia egun osoa itzalita izateak ere laguntzen du, horixe dauka: ez zara ezertaz enteratzen. Zauden lekuan zaude, zauden lagun(ar)ekin, hortxe eta orduan, aurrez aurreko komunikazio zaharrean, dagoeneko antzinakoa dugun horretan, zeinetan berbek soinua duten eta emotikono bakarrak zure aurpegierak diren, zimur eta guzti; zeinetan nork bere ahalegina egin behar duen esaldiak osatzeko eta iritzia emateko, «atsegin dut» edo «ez dut atsegin» orokor ñabardurarik gabekoen ordez.

Zein gozoa, eta –sutsuki aldarrikatzen dut– beharrezkoa, batzuetan ezertaz enteratu barik bizitzea, Marten bertan bazeunde bezala. Zein osasungarria, zinez, kanpoko zalapartari arreta osoa eskaintzeari utzi, eta norberaren buruari kasu apur bat egitea, patxadaz eta maitasunez, aro honetako eguneroko bizimoduak bereizgarri duen guztiaren berehalakotasuna baztertuta. Zenbait egunez bada ere… bai lasaigarria gaurkotasunaren esklabotzatik askatzea, denari buruz egunean egon behar horri muzin egitea. Sakelakoa pare bat mezu bidaltzeko edo dei egiteko besterik ez erabiltzea, interesdunei dena ondo doala jakinarazteko.

Are gehiago: telefonoetan ohar bat egon beharko litzateke ondo itsatsirik, legez, erabiltzaileok jakin dezagun ez dela ezer gertatzen tarteka itzalita izateagatik, edo etengabe aldean ez izateagatik, edo –bai, hau ere bai– etxean ahazteagatik. Ohar bat aditzera emateko lasai egon gaitezkeela, berriro hartzen dugunean eta mezuak/txioak/loturak eta enparauak irakurtzen hasten garenean ezer gutxi aldatu dela egiaztatuko baitugu. Alegia, deskonexioaren aurretiko gaurkotasunak bere horretan segituko duela: oraindik Cifuentes da Madrilgo Erkidegoko presidentea, bere gezur-bolaren tamainak bera zein bereak ez beste guztiak gorritu eta sumindu arren; Puigdemontek Alemanian jarraitzen du, eta gaiari dagokionez politika egiteko inolako asmorik gabe Espainiako Estatuko Gobernuak; honek berak ez du atzamarrik mugitu berdintasunaren arloa sendotzeko, Martxoaren 8ko aldarrikapen historikotik, eta bere aurrekontua ikusirik instituzioen aldetik esperantza urri izan dezakegu…

Eta zuk irakurri gabeko mezu/txio/lotura eta enparau guztiek ez dute lortu hori aldatzea, beraz, egun-egunean zaude gaurkotasunari dagokionez. Deskonexioak lasaitasuna dakarren moduan, berriz konektatzeak horixe dakar: halako nagikeria, kanpoko zalaparta berriz belarrietan.