2018 API. 12 Uxue Alberdiren eskuetara doa 111 Akademiaren Saria GARA ANDOAIN 111 Akademiako akademiakideek hautatu eta izendatuta, Uxue Alberdik idatzi eta Susa argitaletxeak plazaratutako “Jenisjoplin” eleberriak jasoko du 2017ko 111 Akademiaren Saria. Ohar bidez jakinarazi zutenez, Maddi Zubeldiaren “Deserria haurtzaro” izan da beste finalista eta Alberdik saria maiatzaren 10ean jasoko du, Andoainen egingo den ekitaldian. Eleberrian, Nagore Vargasen bizipenetan barneratzen da idazle elgoibartarra. 2010ean, Bilboko Libre Irratiko kide izateagatik beste hiru lagunekin batera atxilotzeko arriskua duela-eta bilkura antolatuko dute eta, une horretatik aurrera, Nagoreren iragan eta orainaldiko gatazkak harilkatu ditu idazleak. Akademiak jaso dituen iritzien artean, eleberria irakurterraza eta erakargarria izatea nabarmendu zuten: «Irakurzaletasuna sustatzeko eleberri horietakoa da, aise ulertzen delako eta etenaldi asko dituelako irakurleari arnasa emanez». Idazkera ere laudatu zuten: «Garapenean, protagonista itsutzen duten gaiak, gogoetak litezkeenak, elkarrizketa distiratsuekin ebatzi dira».