GARA Euskal Herriko egunkaria
GAZTE LITERATURA

Errotako misterioa


Sasiolako errotako egun beldurgarri hartaz geroztik dena aldatu zen. Nork esan behar zidan niri Mitxelko, Attor eta Ibanena horrela bukatuko zenik. Uda amaiera eta ikasturte hasiera mugituak izan ziren gurean, baita herri osoan ere. Aitonarena aurrena, Mitxelko, Attor eta Ibanen jokaldi gaizto haiek guztiak gero, eta Sasiolakoa azkenik. Uff, oraindik ere hotzikarak sortzen zizkidan Sasiolakoa gogoratze hutsak». Hitz hauekin ekiten dio Olasagastik gazte nobela labur honi, eta, irakurleak suma dezakeen bezala, lehen pertsonan kontaturiko narrazioa dugu. Aitor da istorio honetako protagonista, eta gertakari asko bere hitz edo oroitzapenen bidez jasoko ditugun arren, idazleak hainbat kapitulutan hirugarren pertsonako narratzaile orojakilea tartekatu du; hau da, istorioa bi ikuspuntutik jasoko dugu, protagonistarenetik eta kanpoko narratzailearen eskutik, eta horrela informazio osoa izango dugu alde batetik eta protagonistarekiko identifikazioa bestetik.

«Abuztuan azken ostikotan zela joan zitzaigun aitona. Ustekabe samarrean», eta, aitona falta bada ere, haren presentzia nabaria da kontakizunean. Are gehiago, istorioan protagonismo handia duen Sasiolako errotarekin zerikusi handia izango du, nahiz eta hori errotaren inguruko misterioa argitzen denean jakin. Eta bai, misterioa da kontakizun honetako elementu bat; duela hirurogei urte errota horretatik desagertu zen mutikoaren misterioa. Baina iraganarekin batera, gaur egungo errealitatea dago. Eta hor, nobelako lehen esaldietan ageri den bezala, Mitxelko, Attor eta Iban agertuko dira, bullyinga egiten duten gazteak, Aitorri bizitza hondatu nahi dioten ikaskideak.

Olasagastik Lizardi saria eskuratu du bigarrenez (2013an ere irabazi zuen) kontakizun honi esker; eta aitortu behar da haur eta gazte literaturan urtez urte bere prestigioa mantendu duen saria dela Zarauzko Udalak 1982tik bultzatzen duen hau. Arestian aipatu dugu misterio kutsua duen kontakizuna dela, bai eta bullyinga, lehengo eta oraingo gaitza, planteatzen duena; baina gai horiek narrazio batean uztartzen jakin behar da, irakurketa atsegina egiten… eta hori lortzen du Olasagastik. Kapitulu laburrak, bi narratzaileren erabilera, gertakariei garrantzia ematea eta aurrerago gertatuko denaren pistak azaltzea; horiek dira, beste elementu batzuen artean, irakurketa arintzen dutenak, irakurlea harrapatzen dutenak. Horri, gainera, gehitu behar zaio Xabier Sagastaren ilustrazio lana, nobela dagokion giroaz ederki janzten duena.

Sasiolako errota abandonatuta dago; duela hirurogei urte gertakari beltz bat izan zen bertan eta harrezkero leku beldurgarria da; hara eramango dutela mehatxatzen dute Aitor, isilik egon dadila, bestela Mitxelko, Attor eta Ibanek hara eraman eta han itxiko dute. Eta honela, mehatxu horren bidez iraganeko istorioa eta gaur egungoa batzen dira. Herrian aipatzen diren kontu ilun eta beltz haiek, Aitorrek jasaten duen bullyingarekin: «-Bai arraroa, pertsona bat horrela goizetik gauera desagertzea! (…). Ni ere aztoratu samar nenbilen kontu haiekin guztiekin, are gehiago Mitxelkok eta besteek Sasiolara eramateko mehatxua egin zidanetik».

Orain arte aipatutako gizonezkoen mundu horretan (aitona, Aitor, hau begitan duten ikaskideak…) bi emakume ageri dira; Ainara, Aitorren laguna, eta Kattalin andereñoa. Horiek indar handia dute istorioan eta funtsezkoak izango dira gertakarien nondik norakoan, Aitorren arazoen konponbidean, baita Sasiolako misterioa argitzeko ere. Izan ere, ikusi ahal izango den bezala, iraganeko gertakariek badute zerikusirik, antz handia dute, gaur egungoekin.