GARA Euskal Herriko egunkaria
PENTSIO DUINEN ALDEKO MOBILIZAZIOA

LANGILE, GAZTE, EMAKUME, ERRETIRATU... BATASUN ZORAGARRIA DONOSTIAN

BATASUNA IZAN ZEN DONOSTIAKO MARTXAREN INDARGUNEA. «INPORTANTEA DA GURETZAT, BAINA BATEZ ERE ERRETIRATZEKO ESPERANTZA DUTENENTZAT», NABARMENDU ZUTEN PENTSIONISTEK. HORREGATIK, BERTAN ZIREN AURKI LANEAN HASIKO DIREN IKASLEAK, BAITA GIZONEK BAINO LANSARI AUNITZEZ TXIKIAGOA JASOTZEN DUTEN EMAKUMEAK ERE.


«Eskerrik asko! Hau zoragarria da», oihukatu zuten antolatzaileek udaletxeko terrazatik inguruko argazki ederrari begira: langile, gazte, emakume, erretiratu... denak elkar hartuta. Gipuzkoako hainbat herritatik etorritako zutabeak “pentsio duinak, orain eta betiko” exijitzen, dagokien «eskubidea delako». 30.000 pertsona bildu zirela jakinarazi zuten deitzaileek. GARAk, berriz, 11.000 lagunetik gora zenbatu zituen (ez zen lan erraza, amaierarik gabeko suge luzea ibili baitzen kalez kale).

17.30ean abiatu ziren Alderdi Ederretik eta ordubete geroago udaletxe parera iritsi gabe zeuden guztiak. Txalo artean igo ziren zutabeak banan-banan terrazara, eta “Pentsio publiko duinen aldeko konpromisoa” irakurri zuten. Irmo eta batuta herriz herri mobilizatzen jarraituko dutela azaldu zuten, baina halako ekitaldi jendetsurik ez dutela udazkenera arte espero. Urriaren 1a da laugarren mobilizazio handirako buruan duten data, Pertsona Nagusien Nazioarteko Eguna, hain zuzen.

Juan Mari Tomasena Gipuzkoako Erretiratu eta Pentsionisten Elkarteko (GEPE) lehendakaria izan zen manifestazio buruko pankartari eutsi zionetako bat. Kontatu zigun 2015ean sortu zela elkarteen GHEP plataforma eta ordutik ari direla borrokan, baina aurten, Martxoaren 8arekin batera, hartu dutela indarra. Desindustrializazioaren ondorioz 52 urterekin erretiratu eta 23 urte hala daramatzan urnietarrak baieztatu zuen dirua badagoela pentsio duinetarako, baita mekanismo aunitz ere.

Arrate Berasaluze eibartarra du pankarta lagun. Genero arrakala lantegian hasten dela eta indarra hor egin behar dela ohartarazi zuen. Bera kargu inportanteak izana da eta ez du pentsio txarrik, baina, dioenez, bere lan bera egiten zuten gizonei «izen ponpoxo bat jarri, kategoria igo» eta gehiago ordaintzen zieten, gauza bera egin arren. Oraindik lehen lerroan gizonak nagusi direla aipatu zuen. «Guk ere balio dugula sinetsi behar dugu».

Sinbolikoa eta hunkigarria izan zen Ernaiko zutabeak pentsionistekin bat egin zuen unea. 18 eta 19 urteko bi gaztek adierazi ziguten borrokak aunitz ukitzen dituela, sartzera doazen lan merkatuarekin lotzen dutelako. Indartsu ikusten dute mugimendua eta baikor daude.