2018 EKA. 09 Festa eta aldarrikapena batuko ditu Arabako ikastolen jaiak I.S. GASTEIZ Ekainaren 17an ospatuko da Argantzunen aurtengo Araba Euskaraz. Festa eta aldarrikapena batuko ditu jaiak; izan ere, Argantzun Ikastola Trebiñun kokatutako ikastola txiki bat da, hau da, Burgoseko administraziopean dago. Hirugarrenez hartuko du Trebiñuk Araba Euskaraz eta edizio hau mugarri izatea nahi dute: orain arte Haur Hezkuntza bakarrik eskaini ahal izan dute eta datorren ikasturtetik aurrera ikastola handituko dute, Lehen Hezkuntza ere eskainiz. Ikastola txikia izanik, Argantzun ondoan dagoen Sagastietan, Araba ofizialean dagoen kontzejuan, emango diete Haur Hezkuntzako ikasleei ikasketak euskaraz jarraitzeko aukera. Lan horretarako laguntza ezinbestekoa dutela azpimarratu dute antolatzaileek eta, hortaz, Euskal Herriko euskaltzaleei dei egin diete. «Argantzungo ikastolaren proiektua sendotzeko zuon babesa behar dugu, etor zaitez ekainaren 17an Trebiñura, Argantzunera». Berrikuntza bezala azaldu dute Gasteiztik Argantzunera joateko tren bereziak egongo direla, bost euroren truke joan-etorri erosoa ziurtatu asmoz. Gasteizetik Argantzunera 10.00etan eta 11.15ean izango dira trenak, eta buelta 17.00etan eta 17.15ean. Egitaraua Argantzunera hurbilduko direnek kontzertuez eta jai giroaz gozatzeko aukera izango dute. Azido Folkloriko, Glaukoma, Libe eta La Pulgak joko dute, eta Arabako talde hasiberrien kontzertuak ere izango dira. Txikientzako “Ane eta piratekin parrandan” emanaldia ere izango da, eta hamaika joko izango dira hiru gune ezberdin izango dituen ibilbidean. Ez dago aitzakiarik Argantzunera ez joateko.