GARA Euskal Herriko egunkaria

Euskara lurralde hizkuntza gisa aitortu du Euskal Elkargoak

Euskal Elkargoak hizkuntza politikari dagokion egitasmoa onartu zuen atzo Baionako Unibertsitatean eginiko bileran. Euskara eta gaskoia lurralde hizkuntza gisa aitortu eta bi hizkuntzok «biziberritzeko engaiamendu ofiziala» hartu zuen erakundeak.


Tokiko hizkuntzen ezagupen politiko eta juridikoa lortzeko bidean mugarri garrantzitsutzat jo zituen Jean-Rene Etxegaray Euskal Elkargoko lehendakariak erakundeko kontseiluak atzo Baionan onartu zituen deliberoak. Frantziar estatuan hizkuntzen aldeko politikak duen «atzerapen lotsagarria» salatu ondoren, koofizialtasunaren aldeko lanarekin segitzeko borondatea agertu zuen Euskal Elkargoko buruak.

Euskara eta gaskoia lurralde hizkuntza gisa aintzat hartzen dituen ebazpenak 145 aldeko boto, 18 kontrako eta 22 abstentzio jaso zituen. Adierazpen sinboliko horren osagarri gisa, Euskal Elkargoak bere jardueretan zein beste egitura publikoekin elkarlanean euskararen alde garatuko duen hizkuntza politikaren ardatz nagusiak eta alorrez alorreko egitasmoak zehazten dituen ebazpena ere onartu zuen.

Guy Mondorgue izan zen bi ebazpenen aurka botoa eman zuen hautetsi bakarra. Bere erabakia azaltzeko orduan, bilkurara joaterik izan ez zuen «beste hautetsi batek» agindutako botoa eman zuela argudiatu zuen eledun sozialistak. Hautetsi angeluarrak emandako azalpenak irribarrea agerrarazi zuen Euskal Elkargoko zuzendaritzako ordezkarien zein kontseilukide anitzen ezpainetan. Izan ere, bozketa aitzin Mondorgue izan zen euskara eta gaskoia lurralde hizkuntza bezala onartzeko adierazpenaren inguruko eztabaida sutsua bultzatu zuena.

Onartutako adierazpenak argiki jasotzen du euskara garatzeko politika Ipar Euskal Herriko hiru lurraldeetan gauzatuko dela. Alta, Erangoko auzapez Alexandre Bordesek atzokoan «gutxiengo txiki batek» hitz egiten duen hizkuntza bezala definitutako gaskoiaren aldeko hizkuntza politika oraindik ere zehazteke dago; horren erakusle, jatorrizko agiriak aurrerago zehazteko asmoa zuen gaskoiaren aldeko ekimenak zer lurralde eremuan garatuko diren. Horren aitzakiaz, baina, gaskoiaren aldeko elkarte batean jarduten duen Mondorguek hizkuntzen arteko mugak ezartzeko nahikeria egotzi zion Beñat Arrabit Elkargoko hizkuntza arduradunari. Bien arteko ika-mika garratza bideratzea xede, aipu hori kentzeko proposamena luzatu zuen Etchegarayk. Elkargoko buruak aurkezturiko emendakinak botoen %59 jaso zituen. Behin ataka hori gaindituta, ebazpen biak aise atera ziren aurrera. Ondotik, osoko bilkuran ia aho batez onartu zen heldu den ikasturteari begira irakasle postu berriak eskatuz Seaskak aurkezturiko mozioa. Kasu honetan ere, “kontrako boto delegatua” eman zuen Mondorgue sozialistak.

«Akuilu lana» jarraitzeko deia

Atzoko Euskal Elkargoko bileran onarturiko bigarren ebazpenean hizkuntza politikaren oinarriak zehazten dira. Hori horrela, bilkurara gerturatutako euskalgintzako eragileek “Euskara jalgi hadi plazara” izenburudun egitasmoaren garrantzia nabarmendu nahi izan zuten. Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak azaldu zuenez, Euskal Elkargoak baliabideak, epeak eta balorazio tresnak ezarri ditu «elkarlanean» osatu duen egitasmoan, eta, bere ustez, «horiek dira hizkuntza politikaren oinarrizko osagaiak». Atzoko urratsa bide onetik doala adierazi zuen Hur Gorostiagak ere. Bilbaok bezala, Seaskako zuzendari eta Euskal Konfederazioko kideak ere ofizialtasunaren aldeko «akuilu lana» jarraitzeko deia egin zuen.