2018 UZT. 07 Mitologia klasikoa artelanetan aurkeztua, San Telmo museoan Minotauroaren labirintoan nola, erromatar eta greziar mitologian barneratu eta galtzeko aukera luzatzen du gaur San Telmo museoan ateak irekiko dituen «Artea eta mitoa. Pradoko jainkoak» erakusketak. Madrilgo Prado museoaren bildumako 50 piezak osatzen dute erakusketa, tartean Zurbaran, Rubens, Albani edota Giaquintoren lanek. Amalur ARTOLA DONOSTIA Olinpoko jainkoek Donostiako San Telmo museoan hartuko dute egoitza gaur hasi eta urriaren 28ra bitartean, Madrileko Prado museoaren eta La Caixa-ren ekimenez, eta San Telmo museoaren laguntzaz, osatutako “Artea eta mitoa. Pradoko jainkoak” erakusketarekin. Erakusketa ibiltari honek –Mallorcan eta Oviedon erakutsi da jada eta Donostiako egonaldiaren ostean Sevillan ikusi ahalko da– Pradoren bildumako 50 artelan biltzen ditu, horien bidez mitologia klasikoaren eta «honek artearen historian izan dituen irudikapenen inguruko begirada zabala» eskaintzeko, San Telmo museoko zuzendari Susana Sotoren hitzetan. Erakusketaren aurkezpenean azaldu zuenez, K.a. I. mendetik K.o. XVIII. mendera bitarteko 31 pinturak, 17 eskulturak eta 2 medailak osatzen dute Donostian ikusi ahalko den hautaketa, tartean Francisco de Zurbaran, Jose de Ribera, Pedro Pablo Rubens, Michel-Ange Houasse, Francesco Albani, Corrado Guiaquinto eta Leone Leoniren obrek, eta ordena kronologikoa jarraitu beharrean gaikako antolaketa hobetsi du erakusketaren komisarioak, ibilbidea Pradon egonkortu duen Fernando Perez Suescun arte historialari donostiarrak. Perez izan zen, aurkezpen ofizialaren ostean, prentsak erakusketara egin ahal izan zuen bisita gidatuan argibideak eman zituena, bisitaldia mitologiaren barnako bidaia interesgarri bilakatuz (igandean hitzaldia eskainiko du, 12.00etan, museoko ekitaldi aretoan eta doan). «Obra hauen guztien bidez gure kultura, ohitura eta iraganaren zati den mitologiaren barnako bidaia egin ahal izango dugu», aurreratu zuen Perezek. Zortzi atal tematikotan sailkatu du erakusketa eta horietariko lehena, “Historia bat kontatzeko” izendatu dutena, Homero-ren busto batek irekitzen du. «Ahozko kultura jaso zuten autoreei errekonozimendua da, eta horien artean dago Homero; bera izango da atal honetan gidatuko gaituena», zehaztu zuen Perezek. Eskulturaren alboan, beste hainbat jainkoren (Zeus, Afrodita-Venus, Hermes, Jupiter, Marte...) bustoak daude eta horien atzean ezarri duten pantailan, Toni Miraren (Dantza Sari Nazional espainiarra 2010ean) koreografia bat erreproduzitzen duen ikus-entzunezkoa ikus daiteke, non pinturek bizitza hartzen duten. 7 minutuko iraupena du, eta buklean emititzen da. «Bigarren eta hirugarren atalek jainkoak aurkezten dizkigute: gure gainetik dauden izakiak dira baina Lurrera jaisten dira gizakiokin harremanak izateko, eta elkar nahaste horrek gizatiarrago egiten ditu», azaldu zuen Perezek. Zehazki, “Espiritu libreak” izeneko atalak musak, ninfak, satiroak, faunoak eta gisako izakiak irudikatzen dituzten artelanak biltzen ditu, horien artean erakusketako pieza zaharrena, K.a. I. mendeko lan bat, satiroa irudikatzen duena. Behin protagonistak aurkeztuta, «Lurrera jaitsi eta istorioak kontatzeko ordua da», aurreratu zuen Perezek, une horretatik aurrerakoek mitologian barneratuko gintuztela aurreratzeko. Hala, “Maitasuna, desira eta pasioa”-n jainkoek izan zituzten maitasun harremanen berri eman zuen, tartean Nartzisoren kondaira nabarmenduz, eta “Hutsegiteak eta zigorrak” sailean Olinpoko lehien eta zigor krudelen kontakizuna egiten da, besteak beste Uranoren erortzea, harrapakarien bazka bilakatu zen Tzizioren kondaira edota betiereko gosera kondenatu zuten Tantalorena. Metamorfosia da “Jainkoen eta gizakien itxuraldatzeak” ataleko protagonista. «Jainko greko-erromatar nagusiek egundoko ahalmena zuten itxura aldatu eta nortasun berri batez jabetzeko. Horrela beren helburuak betetzen zituzten, gehienetan haragizko plazerari lotuta», esan zuen Perezek. Atal honetan ikus daiteke Apolo ninfa bati jarraika ari den Theodor van Thulder-en pintura: orain arte beste autore batena zela uste zen, baina erakusketa atontzeko zaharberritzen ari zirela azaldu da autorearen sinadura. “Heroiak” Akiles, Pertseo eta Herkulesen irudiei lotuta ageri da eta “Troia” atalak ixten du erakusketa: azken obrak, Francisco Collantesen “Troiako sutea”izenekoa, zaldiak Troiako harresiak zeharkatu eta hiria erretzen duteneko unea irudikatzen du.