2018 URR. 01 Aupa Fermin Jon GARMENDIA Idazlea Muguruzaren “Black is Beltza” ikusteko irrika baldin badut ere, erreferentzia egiten dion kolore beltzari heldu nahi diot lerrook idazteko. Ferminek baduelako ilunean dagoen hori argitara ekartzeko abilezia, ezezaguna zaiguna ezagun egiteko dotorezia. Ez da oraingoa, baina, aspalditik dator kontua; gehienon belarriek entzun gabe zeukaten musika gurera ekartzen zuelako edo musika taldea aurkezten zigulako bestela, eta zapalduari, isilduari ahotsa eman diolako beti. Hala egin zuen duela 15 urte musika sarietan Madrilen; “Euskaldunon Egunkaria”-ren kamiseta jantzi eta indarrez itxitakoaren salaketa egin txistuak entzuten zituelarik, agidanean “progreak” oro, erreakzionario banda bat baino ez. Eta halakoak anitz ditu bere ibilbide luzean. Oraintsu Donostian egin du berriro, Zinemaldian Willy Toledo aktore satanizatua gonbidatuz, hari tarte emanaz, bere egoeraren lotsagarria salatuz, eta isilik dauden asko eta asko lotsagorrituz, ez baita halakorik gertatuko seguruenik, baina ahalkearazten nau zinema munduko anitzen isiltasunak eta elkartasun eskasiak. Eremu askotako artistek ere halatsu jokatzen baitute halakoetan, norbere zilborraren beha egon eta ipurdiarentzat aulki eder bati kariñoz so egin. Deusik ez gehiago. Eta horretan oso desberdina da gure Fermin, sortzaile izateaz gain errebelde beti, berea egiten badu ere besteei beretik ematen daki.