GARA Euskal Herriko egunkaria

Euskara plazara jalgiarazteko gonbita zabaldu dute Baionatik


Baionako Elkarteen Etxean ospatu zen, ostegun iluntzean, Euskaraldiaren irekiera ekitaldi ofiziala. Euskal Herri osorako euskara plazara jalgiarazteko gonbita zabaldu zen bertan.

Bertan bildu ziren hizkuntza ohiturak aldatzea xede duen ekimena antolatu edo sustatu duten erakundeetako ordezkariak, herriz herri eraturiko batzordetako kideak, baita atzoz geroztik eta heldu den abenduaren 3a bitartean “ahobizi” zein “belarriprest” modura aritzeko urratsa egin duten hamarka herritar ere. Maddi Oihenart, Ruper Ordorika, Odei Barroso, Alaia Martin eta Maryse Urrutyren kantuaz eta hitzez gozatzeko parada ukan zuten ekitaldira hurbildu ziren herritarrek.

Hiru lurraldetan

Ipar Euskal Herriko 158 herrietatik 64k parte hartuko dute Euskaraldian. Orotara 5.500 lagunek eman dute izena. Hala ere, behin Euskaraldia martxan delarik jende gehiago gehituko dela uste dute antolatzaileek. Horrela gertatu zen atzo Hendaian: 641 lagunez (448 ahobizi eta 193 belarriprest) osaturiko zerrendan tantaz tanta jendea metatuz joan zen egunean zehar.