2018 AZA. 30 FUTBOLA - LIBERTADORESEKO FINALA River-Boca, Bernabeun abenduaren 9an GARA River Plate eta Boca Juniors talde argentinarrek jokatu beharreko Libertadores txapelketako finala gertuago dagoela dirudi. Buenos Airesen gertatutako istiluen ondorioz, itzulerako neurketa, iragan larunbatean jokatzekoa zena, atzeratu egin zuten lehendabizi eta bertan behera utzi ondoren –egun bat finkatu gabe–. Baina atzo emandako informazioek ziotenez, Madrilgo Santiago Bernabeu estadioak jasoko du finala abenduaren 9an, 20.30etik aurrera (Argentinako 16.30). Real Madrilen zelaiak ezin hobea dirudiela zioten denek. Conmebol Libertadoreseko antolatzaileek estadio hori atzo bertan eskatu zioten formalki Madrilgo gobernuaren delegazioari, FIFAren, Espainiako Futbol Federazioaren, Real Madrilen eta azkenik Espainiako Gobernuaren oniritzia jaso eta gero. Florentino Perez klub zuriko presidentearen taldeak asteburu horretan Huescan jokatzen du, hurrengo astean CSKA Mosku taldearen aurka Txapeldunen Ligako azken jardunaldian jokatu aurretik. Beraz, alde horretatik ez litzateke arazorik izango. Kezkarik handiena segurtasunari dagokiona da. Monumental zelaitik kanpo gertatutako istiluak ez errepikatzea da orain lehentasuna. Gaur egun Estatu espainolean 70.000 argentinar baino gehiago daude erroldatuta eta, seguru asko, horietako askok Santiago Bernabeura joan nahiko dute –81.000 ikuslerentzako tokia du Real Madrilen estadioak–. Pedro Sanchez Espainiako presidenteak adierazi zuenez, Barne Ministerioa segurtasun dispositiboa aztertzen aritu zen atzo. Bi final handi Madrilen Azkenean Santiago Bernabeuko aukera konfirmatuko balitz, Madrilek bi final handi hartuko lituzke denboraldi honetan. Izan ere, Libertadores txapelketako finalaz gain –garaileak Abu Dhabin jokatuko den Kluben Munduko Txapelketan jokatuko du–, Txapeldunen Ligako finala ere hartuko du espainiar Estatuko hiriburuak. Hori ekainaren 1ean izango da, baina beste zelai batean jokatuko da: Atletico Madril taldearen Wanda Metropolitanon. Dena den, edizio honen itxieran Conmeboleko epaia falta zen Bernabeuko aukera guztiz konfirmatzeko.