GARA Euskal Herriko egunkaria
Komikia

Everest hura


Euskaldunek Everest lehen aldiz igo zutenetik garaiak asko aldatu dira, baita mendia eskalatzeko eta esperientzia hori bizitzeko moduak ere.

Gezurra badirudi ere, dena parteka daitekeen garai honetan baino konpartituagoa izan zen 1980ko Euskal Herri hartan Everest gailurretik iritsitako albistea, baita hark herritarrengan sortu zuen garaipen sentimendua eta zirrara berezia ere. Herri oso batek amestutako gailurra izan zen hura eta hala kontatu dute Ramon Olasagastik (Berrobi, 1972) eta Cesar Llagunok (Barakaldo, 1972) komiki-liburu honetan: “Everest: herri oso bat gailurrean” (Sua Edizioak, 2018). Gaztelaniaz ere irakur daiteke: “Everest: todo un pueblo en la cumbre”.

Bilbao Mendi Film Festival-en ekimenez abiatu zen liburua idazteko egitasmoa. Izan ere, urtero mendizale eta zinemazale andana biltzen duen zinemaldiak aretoetatik kanpo beste hainbat jarduera sustatzen ditu, eta, aurten argitalpen hau izan da horietako bat. Euskal mendizaletasunaren historian mugarri garrantzitsuenetarikoa izan zena beste modu batera jasotzea eta belaunaldi gazteei ezagutaraztea da ekimenaren helburuetako bat, eta, oso modu grafiko eta erakargarrian egin dute komikiaren bidez.

Zinemaldiaren zuzendari Jabier Baraiazarrak hazia jarri orduko loratu zen istorio guztia Olasagastiren eta Llagunoren eskuetan. Ez da batere harritzekoa, bikote ezin aproposagoa osatzen baitute: Olasagasti, mendi-kazetaritzan (“Mendiminez/Las cumbres del alma”. Sua Edizioak, 2007), itzulpengintzan eta haur- eta gazte-literatura esparruan idazten trebatua da; Llaguno, berriz, mendi-gaiei buruzko hainbat argitalpen eta jarduera irudiz jantzitakoa: “El mundo de los Pirineos”, “Euskal Herria”, “Alpinist”, “Oxígeno”, “Trailrun”...

Biek ala biek kordada paregabea osatu dute. Olasagastiren dokumentazio- eta kazetaritza-lanari esker, gertatu zena bere horretan irakur dezakegu, ez dago fikziorako tarterik, oso dokumentu historikoa da. Amaieran, gainera, taldekide guztien izenak eta gertatutakoaren kronologia osoa argitaratu dituzte beste atal batean, komikiak ez baitzuen horretarako aukerarik ematen.

Llagunok ere lan ederra egin du bertatik bertara ezagutzen ez duen mendiaren pasabide guztiak ahalik eta zehaztasun handienarekin irudikatuz. Bere estiloan hain markatuak diren lerro fin eta zorrotzez ilustratu ditu Himalaiako aldapa, ertz, zulo eta gailurrak; paisaiaren gogortasuna irakur daiteke horietan. Kolore nagusiak ere Himalaia bezain hotzak dira: zuriak, urdinak, grisak eta beltzak. Mendizale grinatsu haienak, aldiz, beroagoak: marroiak, horixkak, gorriak… Xehetasun handiz marraztua. Hain da zehatza trazua, taldekide bakoitza nor den erraz bereiz baitaiteke. Detaile politak ere izan ditu, han izan zen beste marrazkilari bati bineta pare bat eskainiz, besteak beste. Izan ere, Martin Zabaletaren anaia, Jon Zabaleta ilustratzailea, gailurreko egunean kanpaleku nagusian zen eta “Pyrenaica” aldizkarirako egindako ilustrazioa marrazten azaltzen da liburuan. Esanahi handiko marrazkia da, Zabaletak espedizio guztia irudikatu baitzuen gailurra ospatzen ikurrinaren inguruan. Egileek, beste behin ere, herri oso baten gailurra izan zela gogoratu nahi izan dute keinu horrekin. Gehiago ere badira, baina ez ditugu hemen denak aletuko.

Ezin aipatu gabe utzi, irudi eder horiek, lan horren prozesua bera eta espedizio historiko hari buruzko xehetasunak, liburuan ez ezik, Bilboko Euskal Museoan ere ikus daitezkeela, abenduaren 31 arte zabalik dagoen erakusketan.