GARA Euskal Herriko egunkaria
saski baskonia

Istanbuleko porrota atzean laga eta Obradoiro gainditu behar


Saski Baskoniak bere Twitter kontu ofizialean No Days Off! jartzen zuen atzo; hau da, atseden egunik gabe. Izan ere, Darussafakaren aurka egindako hanka-sartzea dela-eta eskuak burura eramateko ia astirik hartzeke, ACB Ligako partida zain dauka talde gasteiztarrak: 17.00etan Obradoiroren aurka Buesa Arenan jokatuko duena, hain zuzen.

Ondorioz, Istanbulen jasotako belarrondokoak emandako mina gaur arratsaldean ahaztu beharko dute Velimir Perasovic eta bere mutilek. Tartean izango da Jalen Jones fitxaketa berria ere. Ostiralean zortzi minutu jokatu zituen eta gizajoak erasoko sistemei usainik ere hartzen ez bazien ere, borondatea behintzat erakutsi zuen; borondatea eta erreboteak atxikitzeko nolabaiteko gaitasuna. Besterik ezean, bada zeozer gasteiztarrentzat, hain nekaturik diruditen Ilimane Diop eta Vincent Poirierentzat batez ere.

Ivanovicen agurra

Behin bakarrik irabazi du Obradoirok Gasteizen: 2012ko azaroaren 18an. Orduko hartan, 68-77 nagusitu ziren Moncho Fernandezen mutilak, Salah Mejri tunisiarraren 21 puntuei eta Alberto Corbachoren hirukoei esker.

Partida hura ahaztezina izango da, dena den, baskoniazaleen memorian: porrota gauzatu berritan Joxean Kerejeta presidentea prentsa aretora azaldu baitzen Dusko Ivanovic kargutik bota zuela adierazteko. Ivanovic bera ere inguratu zen prentsa aretora, inork uste baino agur tristeago hura behin betiko gauzatzeko.

Ez aurretik ezta gero ere, Obradoirok ez du irabazi. Dena den, azken lau urteetan zortzi puntu edo gutxiagoko aldeaz nagusitu dira gasteiztarrak, harrokeriarik gabe.