GARA Euskal Herriko egunkaria
Elkarrizketa
XABIER ORBEGOZO «ARRIA V.A»
AIZKOLARIA

«Herri kirolak beti hartu izan ditut neure burua proban jartzeko»

Xabier Orbegozo «ArriaV.ak» marka ahalegin handia burutzeko eguna gainean da. Horretarako igandea aukeratu du, martxoak 17. Goizeko 09.00etan puntuan Azpeitiko zezen plazan kana-erdiko 20 pago enbor, hau da, 54 ontzakoak, ebakiko ditu. Ondoren, Hernio gainera (1.074m) igo eta beherantz Tolosako zezen plazara sartuko da, beste 20 kana-erdikoak ebakitzera.


Aizkora arloan Gipuzkoako Federazioaren ardurapean ariko da eta mendi lasterketa Gipuzkoako Mendiko Federazioaren kontrolpean. Eguraldi lehor samarra badago, bost orduan egiteko asmoa du. Badirudi jende asko hurbilduko zaiola Azpeitiko aizkora lana ikustera, mendian zehar ere lagunak izango dituela eta zeresanik ez, Tolosan eguerdi aldean, ongietorri beroa egiteko jendetza izango da zezen plazan.

Erronka itzela, zergatik?

Nik herri kirolak beti hartu ditut norberaren burua proban ipintzeko, superazio horretara jotzeko eta urte sasoi honetan egitea aspalditik neukan buruan. Biren arteko erronka handiko apusturik ikusten ez denez bakarkakora jo dut.

Proba ikaragarria, beldurgarria askorentzat...

Nik neure motibazioa eta neure burua asetzeko horrelako probari heltzen diot. Bai, bost bat orduko lana da eta lan oso konplikatua gainera, aizkora eta korrika. Bata bestearekin uztartzea oso zaila da. Antagonikoak direla esango nuke. Lehen ere modu honetako probak eginak ditut zezen plazan.

Azpeitiko kana-erdikoek ala Tolosakoek, zerk kezkatzen zaitu gehien?

Dudarik gabe, Tolosakoek sortzen dute zalantza handiena. Azkenean 26 kilometro dira korrika gora eta behera, lokatza, harria, une batzuetan labainak, eta hogei kana-erdikoak plaza erdian zain Tolosan. Ez dakigu gorputzak nola erantzungo duen. Hor dago inkognita handia.

Korrika gorantz eta beherantz, non dago arazo handiena?

Goitik behera. Ni gora oso ongi joaten naiz. Egin ditudan proba guztietan gustura ibili naiz. Hor ez dut arazorik. Goitik behera karga handia daukat, lokatza edo harri kozkorrak tarteko. Gorputz handia daukat, baldar samarra gainera, eta 90 kilo dauzkat. Hori nabaritzen da, baina aurre egiteko prest nago, ez dut beldurrik.

Eguraldiak zerikusia izan dezake?

Handia. Hor badaude une batzuk, Hernio gain inguruan hiruzpalau kilometro, euria egiten badu kristoren lokatza egiten dena. Hamar bat kilometro lokatzetan egin beharra izango da deskuiduan giro euritsua bada. Horrela balitz, hogei bat minutuko galera gerta daiteke.

Jendearen galdera: gizon horrek zer prestakuntza egiten du tamaina honetako lanak beti ongi burutzeko?

Neure buruari ikaragarrizko zigorra ematen diot, ostia latzak. Aurreko asteburuan ere hogei kana-erdiko ebaki nituen, 20 kilometro egin korrika eta errematea 12 kana-erdiko ebakiz. Nik antzerako saioak ia egunero egin ditut. Entrenamendu serioak Herniotik zehar.

Eta deskantsua?

Horretan ez dut hutsik egiten. Gorputzari horrelako exijentziak eskatu ondoren, deskantsua oso inportantea da, jan eta atseden hartu, hurrengo egunerako errekuperazioa berdindu behar da.

Sarritan entzun izan dut Arriak konfiantza sortzen duela zaleengan.

Hori entzutea pozgarria da. Plazara beti ongi prestatuta joan naiz. Nire kirol ibilbidean izango nituen desbarajuste batzuk baina prestakuntza topera eraman dut. Horretan lasai nago. Publikoari errespetu osoa zor diot. Ez dago engainurik. Gainera, apustuak, trabesak, diru soinua barruan darama.

Eta prestakuntzak gastuak izango ditu...

Bai, eliteko kirolariak beti ongi prestatuta izan behar du eta berarekin darama gastua. Erremintak, aizkora, egur kamioikadak, sendagilea, elikagaiak, eta abar luzea. Gastua ugari baina nondik edo handik, publizitatea, sarreretan, Peruk asko laguntzen dit. Laguntzarik gabe ezingo nuke egiten dudana egin.

Badago esaten duenik astakeriak direla...

Kirol guztietan daude iraupen luzeko probak, denbora luzeko jokoak. Nik beti gogoko izan ditut lan gogor samarrak. Bi edo hiru orduko jokoetan asko aldatzen da kontua. 40 minutuko jokoak –txapelketak, Egur Sport-en lehiaketak...– meritu handikoak dira, behar dira, baina ordu eta erditik gora hor neurtzen da benetako kalbarioa. Lan luzerako ez dut uste jendea prestatuta dagoenik eta prestatzeko gogorik ere ez. Ni lan handi batera ere gertu nengoke aizkora hutsean jokatzeko edonori, baina kontrarioa falta da.

Erotzat hartzen zaituzte?

Aitzakiak errazak dira. Baina ordu batetik gorako apusturik ez da jokatu azken hamabost urteetan. Eta pena da, Euskal Herrian jendeak gogoko du joko luzeak ikustea. Segan ere bi orduko apustuak egin izan dira eta zer-nolako jendetza. 12.000 jarraitzaile zelai inguruan ikustea, hori gure herriko fenomenoa da. Aizkoran eta beste kiroletan ere berdin. Desafio serioak gure kirolarekin bat datoz. Denbora laburrekoak eta luzekoak, biak uztartu behar dira, gure kirola salbatu nahi bada, beti izan diren desafio motak derrigorrezkoak dira. Apustu gosea badago, baina horrelako lanetan sartzera jendea ez da animatzen.

Azkena izango al da?

Oraingoa azkena izango ote den galdetzen didate batzuek, eta beste batzuek, ordea, ongi ateratzen bada ea beste desafio handiren bat botako dudan. Tira, ikusiko dugu. Aizkoran une goxoan nago, inoiz baino hobeto, eta tentazioa izan nezake.

 

Bost orduz azpitik?

Sarrera 20 euroan jarri dute, baina gogoan izan behar da Azpeitiko sarrerak Tolosarako ere balio duela. Asko izango dira Azpeitian lehen aizkora saioa ikusi ondoren Tolosara joango direnak bukaerakoa ikustera. Txartela gordetzea komeni, beraz. Korrikako ibilbidea Azpeitiko zezen plazatik irten eta Herniorantz abiatuko da, eta lehen puntu esanguratsua Odria baserria da. Jarraian, Etumeta baserria, gorago Hernio, eta hortik behera, Montesku baserria. Tolosako Triangulotik zuzenean zezen plazara. Proba handia da eta eguraldiak zeresana izango du. Zenbaki batzuk azaltzen ere saiatuko gara gida modura. Azpeitian 20 kana-erdiko ebakitzen 45 minutu bueltan ibiltzea marka oso ona litzateke. Tolosakoak 52 bat minutuan botako balitu ere, bikain. Eta korrika hiru bat ordutan egingo balu, primeran.A. O.