GARA Euskal Herriko egunkaria
LONGBOARD

ISA munduko longboard lehiaketa Biarritzen: frantsesak nagusi

Frantziako selekzioak irabazi zuen Côte des Basques hondartzan atzo amaitu zen herrialdeen arteko mundu txapelketa. Benoit Clemnete perutarra eta Alice Lemoigne frantsesa izan ziren garaile nagusiak.


Txapelketa egiteko itxaronaldi epea amaitzear zela, atzo egin zituzten 2019ko ISA World Longboard Surfing Championship lehiaketako finalak. Eguraldia ezin hobea izan zen eta olatuek ere lagundu zuten, azken bi hilabeteetan izan diren baldintza onenak izan baitziren Euskaldunen hondartzan.

Nesken kategorian, Reunion uharteetako Alice Lemoigne frantsesak irabazi zuen txapela. Mutilen kategorian, ostera, Benoit Clemente perutarra nagusitu zen. Eta selekzio bakoitzeko kideek lortutako emaitzei esker irabazi zuen taldea selekzio frantsesa izan zen.

Ikurrinik ez

Maiatzaren 26an hasi zen herrialdeen arteko munduko longboard txapelketa Biarritzen. ISAk antolatutako irekiera ekitaldian selekzio bakoitzak bere banderarekin desfilatu zuen herriko kaleetan zehar eta lehiaketa gunean egin zuten ekitaldi batekin eman zioten hasiera txapelketari.

Paradoxikoki, Euskaldunen hondartzan ez zen ikurrin bat bera ere ageri, ISA erakundeak ez baitu onartzen Euskal Selekzioa. Arrazoi horregatik, 2017an Biarritzen egin zuten antzeko beste surf txapelketa batean euskaldun ugari bildu zen parte hartzeko eskubidea zutela aldarrikatzeko, baina aurten ez da halako ekimenik izan.

Guztira 30 herrialdek parte hartu zuten Biarritzen. ISA Aloha Cup deitu zuten taldekako lehian talde frantsesak irabazi zuen, baita herrialdeen arteko lehian ere, lehiakide frantsesek gainerako taldeetako lehiakideek baino puntu gehiago eskuratu baitzituzten.

Herrialdeen arteko lehian, puntu gehien bildu zuen bigarren taldea Peru izan zen. Hirugarrena, AEBetako taldea izan zen, eta laugarren postuan selekzio brasildarra geratu zen. Puntu gutxien bildu zituen taldea, berriz, Afganistangoa izan zen eta 30. postuan geratu zen.

Alice Lemoigne

Longboard modalitatean indar handia dute neskek. Orokorrean, neska gehiagok hautatzen du longboard modalitatea taula txikiko surfa baino, eta hori lehiakideen maila orokorrean ere ikusten da. Gainera, longboardean estetikak garrantzia handia du; hau da, zer egiten den baino garrantzitsuagoa da nola egiten den, eta eremu horretan, neskek irudimen handia dutela erakutsi zuten Biarritzen.

Astean zehar olatuak txikiak eta narrasak izan ziren, baina ariketa politak ikusi ahal izan ziren txanda guztietan. Euskaldunen Kostako hondartzan inguruko hondartzetan baino indar gutxiago dute olatuek, eta ez dute Biarritzeko gainontzeko hondartzetako olatuek izaten duten bertikaltasuna. Alta, hain justu horixe da longboard zaleek maite dutena, olatu etzanak, eta, beraz, lehiakideek, lehiatzeaz gain, gozatu ere egin zuten.

Lehen bi postuetan bi frantses nagusitu ziren nesken kategorian. Alice Lemoigne lehenik, eta Justine Dupont bigarrenik. Hirugarren postua Chloe Calmon brasildarrak lortu zuen. Eta laugarrenean Soleil Errico estatubatuarra geratu zen.

Benoit Clemente

Antoine eta Edouard Delpero anaiak ziren Biarritzeko faboritoak, Marseillan jaioak izan arren Bidarten bizi baitira. Biek sekulako emaitzak eskuratu dituzte mundu mailako lehiaketetan azken urteetan, eta txapela irabazteko aukera anitz zuten, baina ustekabean, Benoit Clemente perutarra gailendu zen.

Itzelezko maila erakutsi zuten lehiakide guztiek finalean. Olatuek ere lagundu zuten, ezker-eskuin lehertzen ziren eta ibilbide luzea eskaintzen zuten; ondorioz, surflariek mota guztietako ariketak egin zitzaketen olatu gainean.

Alde oso txikiagatik lortu zuen lehen postua Clementek. Bigarren postua Antoine Delperorentzat izan zen. Hirugarren postua, ostera, bere anaia Edouardentzat izan zen. Eta laugarren postuan Cole Robins estatubatuarra geratu zen.