2019 EKA. 24 Kozina Jon GARMENDIA Idazlea Sukaldean joaten zait denbora aspaldion, eta ongi sentitzen naiz; tipidanik, telebistak edo liburu batek baino iman gehiago baitu sukalde ganberak. Berdin dit ikusle edo protagonista izan han. Eta uste dut guztiok ditugula haurtzaroko zapore kuttunak, oroimenaren une berezietara eramaten gaituzten platerak. Urtebetetze pastiza izanen da, egiten dakizun errezeta, edo amonarena, beti amonarena. Gastronomia: gure iragana eta oraina. Ez da soilik jaten duguna garela, Descartesen «pentsatzen dut, beraz existitzen naiz» ere ttipi gelditzen zaigu, nehor ez bailitzateke biziko jan gabe. Virginia Woolfen “A room of one’s own” liburuan, bakoitzaren logelan, argi dio batek ezin duela «ondo pentsatu, ondo maitatu edo ondo lo egin ez badu ondo afaldu», errealitatea bere soiltasunean. Eta jaki batek mundura eramanen zaitu, bidaiatzen lagunduko dizu, auzoko ostatu ireki berrian musaka bat janaz aspaldiko Grezia hartara itzuliko zara, non Mediterraneoko usainetan galduko zaren pita ogiak gogora ekarriz. Bizitzaren abentura zaporez josia baitago, batzuk memorian iltzatuak, beste batzuk burutik kendu ezinik, ez baitzara gai haiek prestatzeko. Denetik jaten ikasi genuen, baina eboluzionatzen darraigu, ezen ez baikara garaiko tomate eta makarroiak jateko gai. Eta hala gertatzen da gure bizitzarekin, gauza berriak dastatu behar ditugu, irakurri, jendearekin enpatiko izan, lekuz aldatu leku berak alda ez gaitzan, eta tira, ez ni bezala meza eman, aski sukaldari edo jale onak baitzarete zuek ere.