GARA Euskal Herriko egunkaria

Bitxigintza, zeramika, ehuna eta margolanak Ekain Galerian

Marta Fernandez Caballero donostiarraren eta Inhee Jeon korearraren lanak batu ditu Ekain Arte Galeriak abuztuaren 31ra arte zabalik egongo den erakusketan. Naturarekin harreman hertsia dute bi sortzaileek; lehenengoa, bitxigintzari emana eta bigarrena, zeramikaz eta ehunez egindako lanen egilea. Maritxu Intxausti da artista gonbidatua.


Marta Fernandez Caballero (Donostia, 1969) eta Inhee Jeon (Seul, 1973) espazio berean batu ditu Ekain Arte Galeriak bere udako proposamenean. Datorren 31ra arte zabalik egongo den proposamenean bitxigintza, zeramika eta ehun gaineko diseinuak elkarrekin ikus (eta eros) daitezke.

Fernandez Caballerok bitxigintza ikasketak egin zituen Parisen, eta egun bere tailerra du Donostian. Irakasle dihardu Easo Politeknikoan bitxigintzari eskainitako goi zikloan. Irakatsi ez ezik, sortu ere egiten du Fernandez Caballerok, eta naturatik datorkio, gehienbat, urrez, zilarrez eta beste material batzuekin egiten dituen obrekiko lotura. Naturaren eta inguruaren elementuak antzemangarriak dira donostiar honek egiten dituen lepoko, belarritako eta eraztunetan. Hala, zenbait landare hazien formaren oinarritik egindako lanak ikus daitezke, hatzetara doazen zuhaitz azal zilarreztatuak, edo elorri itxurako lepoko eta eskumuturreko arantzadunak –«puntu sadomasokista du lan honek», adierazi du artistak erakusketari buruzko azalpenak ematean –. “Rue pavée” da beste lanetako bat, galtzada-harrietan inspiratutako lana, Parisen duela lau urte sortua. Lepoko berezi luzexkoa, lurreko ilaunak irudikatzen dituena. «Lepoan jartzean ere bide bat iradokitzen du», nabarmendu du.

Zeramika eta ehuna

Seuldarra da Inhee Jeon. Madrilen egin zituen arte ikasketak eta Euskal Herriarekin lehenengo harremanak izan zituen. Tolosa izan du bizileku denbora batez ere. Seulen bizi eta lan egiten badu ere, Donostiara itzuli da orain Ekain Galerian bere lanak erakustera. Zeramika eta zuntza ditu lehengai nagusi eta etxeko arlora gerturatzen diren proposamenak sortzen ditu Jeonek. Horiek ere, nolanahi, naturarekin harreman zuzenean daudenak.

Asiar kutsuko ontziteria da nagusi zeramikaz egindako lanetan. Kolore sinpleekin eginak, zuri-beltzekoak gehienak, berde edo gorrizta apal batzuekin zenbaitetan. Marrekin hornitutako lanak dira gehienak. «Antzinako teknikak erabiltzen ditut. Marka modukoak egiten ditut lehenengo eta gero margotu egiten ditut, aurreko gizakiek egiten zuten moduan», eman du azalpena artistak Ekain Galerian bertan. Plater lauak eta te kikarak eta teontziak dira nagusi zeramikaz egindako proposamenetan.

Baina ez dira horiek bakarrak. Ehun gainean egindako lanak ere ekarri ditu Donostiara seuldar artistak. Guztiak artisau obrak, estanpatuetatik hasi eta josturetaraino. Horietan ere nabarmena da naturaren eragina, zuhaitz, mendi eta abarren irudiak ikus baitaitezke Jeonek sortutako poltsa eta ehunetan. Horietan bai, koloreak nabarmenagoak dira. «Seulen esaten didate nire sorkuntzek kutsu europar handia dutela», esan du irri txiki artean.

Filipinetan margotuak

Ekaingo udako erakusketara artista gonbidatu baten lanak ere iritsi dira. Oraingoan Maritxu Intxaustiren (Donostia, 1968) obrak ikus daitezke Parte Zaharreko aretoan. Aurten Filipinetara egindako bidaia batean sortutako margolanak dira Intxaustik erakusten dituenak, papiroan eta eskulan paperean egindakoak. «Nire aitaren familiak bazeukan harremana herrialde horrekin eta betitik izan dut hara joateko gogoa. Aurten hiru hilabetez egon naiz bertan», esan du artistak.

Denbora tarte horretan lurraldea ezagutzeaz gain, bertako inguruaz inspiratuta egin ditu Ekain Galerian erakusten dituen lanak. Bertako tinduekin egindako margolanak dira, kolore gama oso antzekoa erabiltzen du guztietan eta naturaren eragina nabarmena da denetan. «Naturak presentzia handia du bertan, eragin izugarria du». Denge gaitzaz kutsatu zen Intxausti bidaia hartan eta gaixotasunak eraginda ere marrazten jarraitu zuela aitortu du, trazu askeagoan.