GARA Euskal Herriko egunkaria

Artze anaien arteko elkarrizketa musikalak gogora ekarriz

Kulturek karramarroek bezala egiten dutela uste du Artze anaien diskoa koordinatzeaz arduratu den Anjel Valdesek: aurrera egiten dute, baina atzera begiratuz. Hori da, hain zuzen ere, JoxAnton eta Jexux Artzeren txalaparta grabaketak zabaldu nahiaren arrazoia. Egungo musikarientzat erreferentzia diren pieza horiek bildu eta gorde dituzte bide batez.


JoxAnton eta Jexux Artzeren txalaparta grabaketak sailkatu eta disko berezia atera du Elkarrek. 1966tik 1975era bitartekoa izan zen bi anaion garairik oparoena eta, hala, orduko zazpi  bat-bateko kanta luze aukeratu ditu Anjel Valdes koordinatzaileak “Txalaparta” diskoa osatzeko. Diskoarekin datorren liburuxkan, berriz, Juan Luis Zabala kazetariaren testuak jasotzen dira, non Usurbilgo anaiek txalapartarekin izandako harremana deskribatzen den. Hasieran kontatzen da anaiek nola ezagutu zuten txalaparta, ondoren nola hasi ziren jotzen eta nola eskaini zituzten lehen kontzertuak, jarraian nola txertatu zuten antzinako musika tresna Ez Dok Amairu taldean...

Proiektu honen xede nagusia euskal kulturaren parte den txalapartaren transmisioa bultzatzea denez, plataforma digitaletan beste 60 kanta ere jarri dituzte eskuragarri. Anjel Valdesentzat horiek guztiak erreferentzia bat dira egungo musikarientzat. «Kulturek karramarroek bezala egiten dute: aurrera egiten dute, baina atzera begira», esan zuen atzoko aurkezpenean. Horren erakusle da, bere esanetan, egun txalapartak afinatu egiten direla, material desberdinak erabiltzen direla (harria, metala...). «Nahi bezala jo dezatela egungo musikariek, baina erreferentzia hau begi bistatik galdu gabe», adierazi zuen.

Usurbileko bi anaien familiari esker ona agertu zion Valdesek Elkarren esku artzetarren ondare musikala uzteagatik. Etxean zituzten grabazio horiek guztiak hartu eta antolatzeko lana hartu du Valdesek, kalitaterik onena dutenak hautatuz. Zabalarentzat, «sekulako lana» egin du Anjelek diskoan zein kanta sartu eta plataforma digitaletara zeintzuk jarri erabakitzen.

Iraganarekin lotura

Zabalak inoiz ez du txalaparta jotzen ikasi, bera gaztea zela modan jarri zen arren. Hori bai, Artze anaiekin harreman askoz gertuagokoa izan du. «Niretzat txalaparta musika tresna bat baino gehiago izan da. Duela hamasei urte, Jexux hil zenean, Joxanek bere biografia idazteko eskaera egin zidan. Bertan nire izena agertzen da, baina Joxan izan zen zuzendari eta zuzentzaile. Bion artean egin genuen», aitortu zuen. Berarentzat diskoa «beharrezkoa zen».

Zabalaren hitzetan, «anaiek ezkutuan zegoen elementu bat berreskuratu eta abangoardiako kulturan txertatu zuten, munduan zabaldu». Valdesek, berriz, txalaparta «gure memoria historiko naturalaren» parte dela adierazi zuen, kobazulora, sorburura, lotzen gaituelako. «Bi pertsonen arteko komunikazioa da, ekarpen erritmiko eta animikoa», nabarmendu zuen.