2019 AZA. 27 Desagerpen baten galderak Pertsonaia bat zuen buruan Felipe Juaristik, iraganeko gertaera baten kariaz barneko mina ezin kendurik bizi dena. Eta une batean, dena utzi eta desagertu egiten dena. Fermin Alberdi kazetaria Madrilera bidaliko dute, Sebastian Saldias punk musikaria zenaren heriotzaz ikertzeko. «Erbesteko elurra» (Erein) lanarekin bueltatu da azkoitiarra nobelara. Oihane LARRETXEA DONOSTIA Baziren urte batzuk Felipe Juaristik ez zuela nobelarik idazten. Tartean, lanean aritu da poesia eta gazte literaturarekin. Eta, onartu duenez, ez da erraza izan, kosta egin zaio azken lana burutzea, “Erbesteko elurra” (Erein). Iritsi zen une bat «ez aurrera ez atzera» gelditu zela; bada, berriro hasierara jo zuen, buelta batzuk eman zizkion eta lortu zuen segidan egin eta amaitzea. Gustura amaitzea. Nobela korala da pertsonaia asko baititu, «ehun inguru», egin dituen estimazioen arabera. Atzo aurkezpenean onartu zuenez, hasi zen zerrendatzen eta 50 zenbatu zituenean aspertu egin zen, beste hainbeste zeudela kalkulatuz. Bakoitzak bere papera du eta bere funtzioa. Eleberria bera kontatzeko modua ere plurala da, ez baitago «kontatzeko modu bakarra». «Nobelak diferenteak izaten dira, klase asko dago. Historikoak daude, poliziakoak, beltza edo errealista. Baina hau… hau beste klase bat da», abisatu zuen Iñaki Aldekoak argitaletxetik. Juaristik txertatu ditu poesia (hiru soneto daude), sei antzerki eta poema solte batzuk narrazioarekin batera. Eta letra horien guztien artean topatuko ditu irakurleak bi protagonista nagusiak. Lehena, Fermin Alberdi kazetaria, zehazki literatura liburuen iruzkingilea. Kritikak idatzi eta argitaratzen ditu “Ahotsa” egunkarian. Antza, literatura idazle kofradian bere iritziak ez dira denen gustukoak eta bere kontrako ahotsak altxatzen dira. Egoera honen aurrean, egunkariko zuzendariak bere kargutik baztertu eta Madrilera bidaliko du, beretzat erbestea izango den hirira. Han hilketa bat jazo da, edo heriotza bat, eta hura ikertzera bidaliko du. Hortxe sartzen da jokoan bigarren protagonista: Sebastian Saldias. Punk musikaria izandakoa, bere hilotza topatuko dute Madril hiriko txoko batean. «Pertsonaia bat nuen buruan, iraganeko gertaera baten kariaz barneko mina ezin kendurik bizi dena». Hori da Saldias, dena utzi eta desagertzea erabakitzen duena. Zergatik hautu hori? Arrazoia deskubritu beharko du Alberdik. Zerk bultzatu duen alde egitera… akaso hain arrotza ez den joera, zeren «denok nahi dugu guri egindako minari amaiera ematea, edo guk egindakoa ezabatu ezin bada, bera leuntzea». Ikerketa nobela ere bada, bilaketa nobela, neurri batean. «Nobelaren xedea nolabait bera da. Horrek katalizatzen du trama guztia, bilaketa horren inguruan eraikitzen da eleberria», azaldu zuen Aldekoak. «Erresonantzia eta atmosfera narratibo honen atzean dagoena da gure mundua eta gure iragana. Narratzaileak ondo erregistratua du zein egunetan ETAk iragarri zuen borroka armatuaren amaiera. Eta gertaera horien oihartzuna nolabait traman bertan bizi da», zehaztu zuen idazleak, Saldiasen desagerpenaren harira. Maitasuna zer den Pertsonaia matazatik erreskatatuko ditugu Ana Isabel Zubiri poeta eta Maria Zubillaga, biak idazleak eta biak emakumeak. Beren lanen inguruan kritika baikorrak egin ditu Fermin Alberdik. «Eta bi emakume horien artean dabil Alberdi, ez dakiela zein maite duen gehiago». Zeren maitasunaz ere mintzo da “Erbesteko elurra”. Eleberriko pertsonaiak «maitasunaren bila dabiltza baina ez daude seguru aurkituko ote duten», dio. Juaristik etxean maitasunari buruz dituen «liburu guztiak» irakurri zituen eta ondorio batera heldu zen: «ez dakigu maitatzen». Bere ustez, ziur asko, «ez dakigulako maitasuna zer den. Maitasunaren esanahiari beste ideia asko erantsi dizkiogu: errukia, desira, babesa, kontsolamendua. Askotan, maitasuna bakarrik ez egoteko beharra da, ez dakit…». Horixe leporatzen dio hain zuzen Maria Zubillagak Alberdiri, ez dakiela «ezer» maitasunaz. Errealitatearekin egon daitezkeen kointzidentziak horixe baino ez direla erantsi zuen irri bihurriz. «Antzekotasun hutsak». Fikzioa da erabat. «Zer da fikzioa, ordea?». Galdera horri erantzuteko ordea, liburua irakurri behar.