2019 ABEN. 15 PILOTA Pilota «potzoloak» Altunak eta Galartzak azken txanpan erabaki dute berriz ere material motelarekin jokatutako neurketa. Asier AIESTARAN OLAIZOLA-ARETXABALETA 16 ALTUNA III-GALARZA 22 Jokin Altunak eta Ladis Galartzak Binakako Txapelketako bigarren puntua eskuratu zuten Labriten Aimar Olaizola eta Andoni Aretxabaleta 16-22 menderatuta. Neurketa oso gogorra eta parekatua izan zen, berriz ere material oso baxuarekin jokatu zena, baina urdinek azken txanpan 1-8ko partzial bati esker lortu zuten garaipena. Aurtengo txapelketan ohitura bilakatuko dela dirudi partidak asko luzatzea eta pilota motelak ikustea. Lehen jardunaldian Olaizola eta Aretxabaleta tartean ziren hartara iritsi gabe izan arren, atzoko pilotak ere ez ziren lehen mailan jokatzeko egokienak izan. «Bukaerarako bi pilota oso potzoloak gelditu dira, eta askotan pilota horiek mugitzen dituen bakarra Ladis da. Eskuan arazo batzuk izan ditu hasieran, baina bukaeran arazo horiek gainditu ditu eta abiadura eman dio pilotari, agindu egin du, eta nik ere aukera gehiago izan ditut sartzeko», aztertu zuen Jokin Altunak gertatutakoa norgehiagoka amaitutakoan. Izan ere, Jokin Altuna bera izan zen lehiako protagonista nagusia. Asko sartu zen airez, bai errematean eta bai defentsan Galartzari laguntzeko, eta horrek bere zenbakiak puztu egin zituen: jokoan egindako 16 tanto apuntatu genizkion eta galdutako bost ere bai. Aimarrek ere bederatzi tanto egin zituen, gehienak airez, eta bi aurrelarien artean erremate sorta bikaina utzi zuten bideotekarako. Eta erremateez gain, bereziki aipatu behar da Olaizolak 40 urterekin 8-7koan txokoan eraman zuen pilota. Eraman bakarrik ez, zabalean sekulako tantoa egin zuelako pilota lurretik belauniko jota. Azken txanpan, ordea, Galartza nagusitu egin zen atzean, eta hori ederki baliatu zuen Altunak 1-8ko partzial bat sinatu eta txapelketako bigarren puntua ziurtatzeko. Olaizola eta Urrutikoetxea –Aretxabaletak ordezko moduan jokatu zuen atzo– puntu bakarrarekin gelditzen dira. Erremonteko Binakakoa Erremontean ere Binakako Txapelketa pil-pilean da, eta atzo jakin genuen zein den finala jokatuko duen lehen bikotea: Urriza-Larrañaga. Ligaxkako lehen partida irabazi ostean, atzo bigarrena jokatu zuten, eta hor ere garaipena lortu zuten: 40-38 menderatu zituzten Juanenea eta Azpiroz. Hala ere, hasieran zirudiena baino gehiago sufritu behar izan zuten Urrizak eta Larrañagak irabazteko. Oso faborito irten ziren katedrarentzat, 16-6 ere aurreratu ziren markagailuan, baina hortik aurrera dema asko parekatu zen. Juanenea eta Azpiroz 35-37 ere aurreratu ziren, baina azken txanpan Urrizaren mailak erabaki zuen. Hitzorduak gaur Barakaldon eta Eibarren Esku pilotak bi hitzordu esanguratsu izango ditu gaur, eguerdian Barakaldon eta arratsaldean Eibarren. Izan ere, Bizkaiko herrian Lau eta Erdiko Emakume Master Cup txapelketaren Lehen Mailako finalak jokatuko dira. Pilota goxoarekin Patri Espinar eta Leire Etxaniz izango dira neurtuko direnak; pilota mistoarekin Miren Larrarte eta Miriam Arrillaga izango dira nor baino nor gehiago txapelaren borrokan. Espinar eta Etxaniz azken urteetako pilotari onentsuenak dira. Kaiola barruan, esaterako, Espinar egungo txapelduna da eta Etxaniz 2017ko irabazlea. Lehia borrokatua espero da, beraz, bien artean. Eta Larrarte/Arrillaga gipuzkoarren arteko finalak ere zeresana emango du, lehiaketa honetan toke erdiko pilotekin jokatuko den lehen finala izango delako. Gizonezkoei dagokienez, Jaka-Zabaleta eta Laso-Albisu neurtuko dira Eibarren (jaialdia 17.00etatik aurrera). Jaka-Zabaleta hirutik hiru irabazita daude; Laso-Albisu lehen garaipena lortzetik datoz.A.A. GANTXO MORDOA Errematean oso zehatz jardun zuten Olaizolak zein Altunak. Bi aurrelariek sekulako erakustaldia eman zuten airez errematean.