2019 ABEN. 20 HERRI KIROLAK 12 indartsuenak, 200 kiloko harri errektangularrekin Sekulako harri jasotze txapelketa antolatu dute igandean Asteasuko Uxarrabin. Andres OSA «SAKONA» Asteasun aspalditik datorren usadio zaharrari jarraituz, iganderako sekulako harri jasotze txapelketa antolatu dute, Uxarrabi kiroldegian, 12.00etan, 200 kiloko harriarekin. Parte hartzaile bakoitzak hiru minutuko bi txanda izango ditu, eta, gauza kuriosoa, txapela janzteko bi edo gehiago parra eginda geldituko balira, hiru jasoaldi zeinek azkarrago egin jokatuta erabakiko da nork jasoko duen txapela. Tamaina honetako lehia ez dadila gelditu txapela behar den tokian kokatu gabe. Duela 29 urteko Goenatxoren omenaldian ere modu horretara erabaki zen txapela. Beste berrikuntza bat ere bai, batik bat ikuslea aintzakotzat hartuta. Hamabi harri jasotzaileen artean, hiru dira faborito nagusiak; bada, antolakuntzak Irigoien, Eizmendi eta Perurena txanda bakoitzean hiru azkenak izatea erabaki du. Ongi pentsatuta dago. Aurten 200 kiloko harri koadroarekin neurtuko dira. Antzina egiten zen txapelketan parte hartzen zuen harri jasotzaile bat ere igandean hortxe izango da lanean: Joseba Ostolatza. Esan behar da duela 29 urte 16 urteko Joseba mutikoak parte hartu zuela. Iñaxio Perurenak, berriz, aurten lehenbizikoz parte hartuko du txapelketan. Parte hartzen dutenak ezagunak dira: Joseba Ostolaza, Jon Goenatxo, Martin Mendizabal, Gorka Etxeberria, Julen Diaz, Xabier Aranburu, Iñigo Eizagirre, Aimar Galarraga, Xabier Peñagarikano, Iñaxio Perurena, Aimar Irigoien eta Jokin Eizmendi.