GARA Euskal Herriko egunkaria

Trump haserre, Twitterrek zalantzan jarri duelako


Ameriketako Estatu Batuetako tuitlaririk amorratuena (80 milioi jarraitzaile) sare sozialak murrizteko agindu exekutiboa sinatzekotan egon zen atzo, Twitterrek presidenteak argitaratutako mezu baten sinesgarritasuna zalantzan jarri eta 48 ordura. Etxe Zuriko bozeramaile Kayleigh McEnany-k agindua iragarri zuen, baina ez zuen nondik norakoen berri eman.

Donald Trump AEBetako presidenteak mezu bat idatzi zuen, non posta bidezko botoaren aukera salatzen zuen, hauteskundeetan iruzurra eragingo omen zuelako. Gavin Newsom Kaliforniako gobernadorearen erabaki bati erantzuten zion. Politikari demokratak boto-emaile guztiei posta bidez bozkatzeko aukera eman die covid-19a dela eta.

Twitterrek Trumpen mezuari beste bat erantsi zion, haren salaketa gezurtatuz. Lehen aldia da, eta agintaria sutan dago. Adierazpen askatasuna aldarrikatu du, baina berea soilik, noski.

Erantsitako mezuak hau dio: «Trumpek, inolako frogarik gabe, posta bidezko botoak iruzurra dakarrela dio», eta CNN katea eta “Washington Post” egunkaria ditu oinarri.