GARA Euskal Herriko egunkaria

Zaldunborda gelditzeko eskaera atzera bota dute EAJk eta PSEk


EAJk eta PSEk atzera bota dute oposizioak aho batez Hondarribiko Zaldunbordako proiektua gelditzeko egindako eskaera, nahiz eta Gasteizko Legebiltzarrean bi alderdiok merkataritza-gune handiak erregulatzeko legearen alde azaldu ziren.

Gasteizko Legebiltzarreko gehiengoaren babesarekin onartutako legeari «burla» egin diotela salatu zuen EH Bilduk, atzo, Gipuzkoako Batzar Nagusietako osoko bilkuran. Juan Karlos Izagirre bozeramaileak gogorarazi zuen legea onartu bezperan eman ziola Hondarribiko alkateak hasierako onespena proiektuari, «legetik salbuetsita gera zedin». Izagirrek salatu zuen megaoutletaren proiektuak «guztiz hondoratuko» dituela eskualdeko merkatari txikiak.

Azkoitiko zabortegia

Ildo berean, Azkoitiko zabortegiaren proiektua alboratzeko eskatu eta hondakinen kudeaketa publikoa aldarrikatu zuen EH Bilduk osoko bilkuran.

«Zaldibarko ezbeharretik ikasi eta hondakinen kudeaketak nahiz bestelako oinarrizko zerbitzuek publikoak eta irabazi asmorik gabeak» izan behar dutela azpimarratu zuen talde subiranistak, hala ez den kasuetan «kontrol publiko zorrotza bermatzeko neurriak» hartu behar direla gaineratuz.