GARA Euskal Herriko egunkaria

Zauriak beratu eta baretu ondoren

Atzera begira jarri da Karlos Gorrindo «Funanbulistaren beldurra» (Erein) idazteko. 1980tik 1996ra hainbat kartzelatan preso egon zen ETAko militante ohia eta orduan bizitakoak bildu ditu. Orain arte egin ez badu ez da izan «ausardia faltagatik», denborak objektibotasunari mesede egiten diolako baizik. Sarrionandiak idatzi du hitzaurrea.


Karlos Gorrindok (Gernika-Lumo, 1959) hainbat liburu idatzi ditu, heldu zein gazteentzako literatura, eta itzulpenak egin ditu, baina orain arte ez da idazle sentitu izan. “Funanbulistaren beldurra” (Erein) lanarekin heldu zaio ogibidearen parte dela sinisten hasteko momentua. «Etxe hau apurka-apurka hasi nintzen eraikitzen, gizatasunez, sentimenduz, pentsamendu politikoz», adierazi zuen atzo, liburuaren aurkezpenean.

18 urterekin atxilotu zuten ETAko militante ohia. 1980. urtea zen eta Euskal Herria bor-bor zegoen. Ondorengo hamasei urteak lau horma artean emango zituen, Estatu espainolean barreiatuta dauden kartzela ezberdinetan. Alcala Meco, Palentzia, Soria, Puerto Santa Maria, Herrera, Valentzia, Langraiz… bakoitzean bizitakoak, eztabaidatutakoak eta sentitutakoak bildu ditu. Gaur idatzi ditu 40 urte atzera gertatutakoak, eta hori bera izan da ariketa. «Sortze prozesua ez da izan batere erraza, eta gainera urteetan zehar bueltak ematen egon naiz, ea inoiz idatziko ote nuen kartzelari buruzko liburu bat lehen pertsonan. Nire bizitza, gure bizitza, nire egiak eta errealitateak dira; kapaz izango ote nintzen ez nekien…», aitortu zuen gernikarrak.

Erantsi zuen ez dela izan «ausardia faltagatik». «Denboraren joanak beti egiten dio objektibotasun puntu bat erantsi narrazioari. Kartzelatik irten berri idazteko kapaz ez dakit izango ote nintzen, zauriak irekita zeuden orduan, oraindik odoletan, eta denborarekin agian… Objektiboa izateko uste nuen denborak pasa behar zuela, eta iragan kontu horiek pixka bat baretzen eta beratzen utzi behar nituela».

Memoriaren korapiloak desegin ditu. «Nahiko estresantea» izan da idazketa, atzera begiratu beharra. «Hainbat pasarte gaur egunera ekarri eta orduko pentsaerarekin idatzitako kontuak direnez gero, orduko sentimenduetara bueltatu behar nintzen, egoera animiko emozionaletara». Hori egiteko, Atxaga parafraseatuz, oroimena eta irudimena erabili dituela argitu zuen. «Oroimena da hari nagusia, eta irudimena gertatzen ziren hutsuneak betetzeko erabili dut, baldin eta errelato nagusiari kalterik egiten ez bazion. Asmamenik ez dago nobela honetan, nire errealitatea eta nire egia dira. Hau da neurea, eta ez dago besterik».

Kontatzen dituen hamasei urteetan «bilakaera pertsonal eta humanoa dago, politikoa ere bai», esan du, eta zera erantsi: «Ez dut uste ideologia aldaketarik dagoenik. Euskal Herriari buruz 18 urterekin sentitzen eta pentsatzen nuena, berdin-berdin pentsatzen dut gaur egun, Euskal Herri subirano eta independentea nahi dut. Bilakaera horretan ni izatetik gu izatera pasa ginen kolektibo baten barruan, 600 pertsonarekin batera gutasun baten zati sentitzen zara; nitasuna bazterrean uzten duzu, zorionez edo zoritxarrez».

Aitortu zuenez, kartzela barruan zeudela ere «pentsatzen genuen ETAren ibilbide iraultzaile, militar hori barik ez genuela lortuko helburua: Euskal Herria zentzu nagusienean». Eta lau hormen artean gertatu zen gertatu zena. «Norbera heltzen doa. Uste dut derrigorrezko garapena dela», adierazi zuen ETArekiko hartu zuen jarreraz. «Ez dut uste ETAren barruan egon den jende asko ekintza batzuekin pozarren jartzen zirenik. Ikuspuntu humano eta ideologikotik gertaera mingarriak jazo ziren», esan zuen.

Egia osoa osatu

Editorearen iritziz, liburu honetan, Gorrindoren «meritu handiena» da «iraganera hurbiltzen dela orduan pentsatzen zuen bezala eta orduko pentsamenduarekin, ez orain pentsatzen duen bezala. Liburu hau bilakaera baten historia bada, gu gara horren lekuko eta guk ikusten dugu bilakaera hori. Ez digu esaten ni hemen erratuta nago. Ez. Bere mina guk ere sentitzen dugu, eta hori da bere meriturik handiena».

Edukiak gaur egun egin dezakeen ekarpenaz galdetuta, «gure historia» hobeto ezagutzen lagundu dezakeela uste du. «Ez dudana nahi izan da inoren kontra egin, alderantziz. Uste dut testigantza honek egin dezakeena dela gizartea hobetzen lagundu, pertsona moduan. Aurreiritziak bazterrean utzi eta zabaltasun osoz hitz egin eta hausnartzeko balio badu, ondo». Aitortu zuenez, idaztean ez du beldurrik izan, «pentsatu, sentitu eta uste» duen iritzia bota duelako. «Ez dut beldurrik ezer ez delako gezurrezkoa. Nik bizitakoa da dena. Inork uste badu bera kaltetzekoa dela, ez da nire arazoa».

Sarrionandiak hitzaurrean hori du hizpide: lekukotasunen parte hartzea sendatzen hasteko, bakoitzaren egiatik sortu behar dela egia osoa den hori.