GARA Euskal Herriko egunkaria
Elkarrizketa
OIHANA ZUBIONDO
TXURRUT TABERNA (VILLABONA)

«Bezeroak ez zaizkigu falta izan eta baikorrak gara»


Orain dela hilabete eta erdi Txurrut taberna berrireki zenutenetik, nola daramazue normaltasun berrirako egokitzapena?

Orain artean, behinik behin, ez dugu arazo handirik izan. Egia da bezeroei behin eta berriz insistitu behar izaten diegula ezarritako arauak bete egin behar direla, baina gainontzean ez dugu beste munduko arazorik izan. Gure tabernaren abantaila nagusia da bi terraza dauzkagula, eta konfinamendua amaitu osteko lehen egunetan hori oso mesedegarria izan zen negozioak aurrera egin zezan. Lehen une horietan, gainera, eguraldia lagun izan genuen, zorionez, eta hori, zalantzarik gabe, ezinbestekoa izan zen erritmoa hartzeko. Poliki-poliki ohitzen hasiak gara egoera berrira.

Uda denboraldiko lehen asteetan sartuta gauden honetan, eta herriko Santiago jaiak asteburuan ospatzekoak ziren honetan, baikor izateko arrazoiak ba al dituzue?

Oraingoz, behintzat, ondo funtzionatzen ari da taberna, eta egia esan behar badut, baikorrak izateko motiboak baditugu. Orain artean bezala mantentzen bagara, eta eguraldiak laguntzen badigu, aurrera egingo dugu. Hori bai, telebista piztu eta helarazten dizkiguten berriekin beldur apur bat sartzen ari zaigu berriro ere. Dena den, eta laburbilduz, lanari berrekin genionetik bezeroak ez zaizkigu falta izan eta, zentzu horretan, balorazio positiboa egiten dugu.

Azken hilabete hauetan bizi izan dugun egoera latzari aurre egiteko inolako laguntzarik jaso al duzue erakunde publikoen aldetik?

Bai, eta oso pozik gaude Villabonako Udaleko ordezkariek gurekiko izan duten jarrera eta prestasunarekin. Oso eskertuak gaude haiekin, egia esan. Izan ere, dirulaguntzak eman dizkigute taberna itxita eduki dugun denboragatik, terrazako kuota ez digute kobratu eta mahai gehiago jartzeko baimena ere eman digute. Hori gutxi balitz ere, tabernari eta ostalarion zalantza eta eskaerak entzuteko prest egon dira une oro. Beraz, alde horretatik ez dugu inolako kexarik.