GARA Euskal Herriko egunkaria
Elkarrizketa
AITOR ARREGI
ZINEMA ZUZENDARIA

«Ikuspuntu kritikoa izateko, kultura funtsezkoa dela uste dut»

Pandemia tragikoa izan da, bai galdu diren bizitzengatik, bai ondorio ekonomikoengatik. Hiru hilabetez etxean geratu direnen lagun mina bilakatu da zinema. «La trinchera infinita» Europako Zinema Sarietan aurre-selekzionatu dutela jakin berritan, Aitor Arregi zinemazale amorratuak izurrite garaiotan kulturaren egoeraz duen ikuspuntua agertu digu.


«La trinchera infinita» European Films Awards-ek aurre-selekzionatu du. Pozik?

“La trinchera infinita” aukeratua izana ilusionantea da. Filma Europako pelikula askoren artean kontuan hartu dute. Pozik gaude pixkanaka indarra hartzen ari diren sariak direlako. Europako Oscarrak dira, Oscarrek duten ospea eta zarata gabe, noski. Ahaztu gabe aurre-selekzioa dela oraindik. Pandemiaren kontu honek “La trinchera Iinfinita” pelikularen bizitza murriztu egin zuela zirudien. Europan ibilbidea egiteko asmoa genuen, Frantzian nahiz beste herrialdeetako festibaletan, baina gertatutakoarekin oso latza ikusten genuen ibilbide hori. Baina orain bai, ikusi da pelikularen bizitza ez dela murriztu, gelditu baizik. Udazkenean Frantzian estreinatuko da, eta beste festibal batzuetan espero dugu kontuan hartzea. Nolabait bizitza ematen dio eta pozgarria da, noski.

Konfinamenduan zinemaren eta telesailen kontsumoa ia % 80 hazi da. Netflix-ek pandemiaren ostean 16 milioi erabiltzaile berri ditu, 709 milioi dolarreko irabaziekin. Datua positiboa da zinemarentzat?

Niretzat datu positiboa da, esango nuke egoera negatibo baten barruan, hori dela dagoena. Beste iritzi bat izango nuke pandemiaren aurreko egoeran streaming plataformetako kontsumoa igo eta zinemaren sarrera jaitsi izanaz, baina egoera honetan, ez. Ez dakit zer ekarriko duen igoera honek etorkizunari begira. Pertsonalki eta datu positiboa izatearen barruan pena handia daukat, zinema aretoei suposatzen dien zartadagatik. Ez daukat datu zehatzik, baina ikusten dudanagatik jendea oso gutxi ari da joaten zinema aretoetara. Azken hilabete honetan egia da ikusi dudala jendea umeekin joaten hasi dela. Gustatuko litzaidake beste leku batzuetan gertatzen dena gertatzea. Frantzian adibidez, zine aretoak betetzen ari dira berriz. Agintariek zine aretoetara joateko iniziatibak bultzatu dituzte, zinema kontsumitzeko ahalegina eginez. Ea gurera ere heltzen diren. Pandemiaren aurretik zinema aretoek pixka bat gora egin zuten, hori egia da, %7a 2019an. Esan dezakegu zinema ez zegoela garai txarrenean. Ea bueltatzen garen datu horietara.

Agintariek zer egin beharko lukete kultura bultzatzeko?

Nik uste dut kultura elikatzeko prozesuak erpin asko dituela. Duda barik politika estatal bat egon behar da hau bultzatzeko. Politika integral bat izatearen aldekoa naiz; alegia, ez bakarrik dirulaguntza ematea pelikula bat egiteko; hori ez da hain zaila. Politika integral batean, sarrera baten diruaren parte bat poltsa batera joaten da eta poltsa horrekin finantzatzen dira laster egingo diren pelikulak, bonoak jendea zinemara joateko eta abar. Hau da, ez bakarrik dirulaguntza zuzena pelikulak egiteko, baizik eta jendea estimulatzeko zinemara joan dadin.

Jendea harro egotea bere zinemaz; hori da bidea. Hori da Frantzian egiten dena. Egia da ezin garela Frantziarekin konparatu, baina Danimarkan ere egiten da, txikiagoa den herrialdean. Nik uste dut, alde onari begiratuta, hemen gauza zailenetako bat egin dela, euskal zinema sustatzeko ahalegina, eta orain ureztatu egin behar da; ez soilik ikusleari eskatu zinemara joateko pelikula euskalduna delako, ez, ona delako baizik.

Kultura ez da entretenimendua soilik; pandemia honetan ikusi dugu jende askori konpainia egin diola kulturak eta uste dut funtsezkoa dela pertsona batek bizitzaren ikuspegi kritikoa izateko. Zonbi intelektual batzuk izatetik aldentzen gaituen elementua da kultura.

Honetatik guztitik zerbait ona ateratze aldera. Pandemiak zinemazale berriak sustatu dituela uste duzu?

Esango nuke baietz. Nire inguruan ikusten ditudan umeek zinema piloa kontsumitu dute pandemian. Ez dakit horrek jarraipenik izango duen pandemia bukatu eta gero, baina ikusi dut egarria dutela. Logikak esaten dit astero pelikula bat edo bi ikusten zuenak etxealdiaren garaian bikoitza ikusi zuela. Berez ez dut gauza txar moduan ikusten. Baina polita izango litzateke hori ez galtzea. Gogoratzen dut niretzat, txikitan, zinemara joatea plan ezin hobea zela, asteko unerik onena. Internetekin lehenengo kontaktua 1997an izan nuen, 20 urterekin.

Txanponaren bi aldeak ikus ditzakegu. Bada duela aste gutxi zinema aretoetan estreinatu eta arrakasta itzela izan duen filmik baina, bestetik, Disney-k «Mulan» bere «streaming» plataforman estreinatzea erabaki du, 4.000 milioi eurotik gorako galerak izan baititu. Zure ustez, zinema kontsumitzeko ohitura aldatu egingo da?

Uste dut baietz. “Desastre” eta “azelerazioa”, horixe entzuten da sektore guztietan. Hemendik hiru urtera etortzekoak ziren gauzak orain etorri dira. Zinema arloan adibidez, pandemiaren aurretik entzuten genuen etorkizuna plataformetan edo zinema aretoetan egongo zela. Eta pandemiak guztia azeleratu du. Ziurgabetasuna da nagusi zinemarekin zer gertatuko den pentsatzen dugunean. Zinema esperientzia kolektiboa da, beste norbaiten alboan pelikula bat ikustea, baina orain gauzak dauden moduan, ezin garenez bestearen alboan egon, zer gertatuko da? Ez dakigu. Baina bai, pentsatzen dut zoritxarrez ohitura aldatuko dela. Soinuaz eta irudiez aparte, zinemak izan duen abantaila esklusibotasuna da. “Mulan” zinemara zihoan, eta orain ez, uste dut probatzen ari direla, plataformetan zinema aretoetan baino diru gehiago ematen duen ikusi nahian.

Bestalde, zineman lanean ari den jendearekin hitz egin ostean, ez naiz ezkorra. Uste dut edukien eskaera egongo dela, eta nire inguruan ikusten dudana da lana badagoela, demanda badagoela, mugimendua badagoela. Zaila egiten zait esatea zinema sektorea txarto dagoela. Ez dut uste pandemiaren aurretik baino okerrago gaudenik.

Ez da gauza bera film bat etxean edota zineman ikustea.

Hala da. Orain aretoak ireki dituztenean film klasikoak ipini dituzte, eta orain gutxi etxean ikusita nuen pelikula bat zinema aretoan ikusi dut eta ez dauka zerikusirik. Zu zineman bi orduz isilik zaude, ilunpean eta kontzentratuta. Bi ordutan zehar pelikulari zeure atentzioa ipintzen diozu. Eta hori etxean ez da gertatzen. Niri gertatzen zait pelikula gustatzen ez bazait ateratzen naizela haserre, bi orduz egon naizelako atentzioa ipintzen ezertarako. Eta etxean, gustatzen ez bazait, ez zait hainbeste axola, ez naiz hainbeste haserretzen.

Kataluniako independentzia, Txernobyl eta orain koronabirusa. Pandemia honi buruzko film asko egongo dira?

Bai, egongo da, duda barik. Uste dut jendeak probak egingo dituela, ea lehenengoak arrakasta izaten duen. Irteten den lehenengoak arrakasta badu, plaga bat izango da. Horrelakoak gara, elkarri begira gabiltza orokorrean ea nor ausartzen den lehenengo pausoa ematera, ikusteko ea ondo ateratzen den. Baina bai, uste dut etorriko dela plaga hau, dudarik gabe.

Niri ikusle moduan gehiago interesatzen zait hausnartzeko denbora pasatzen uztea. Wikileaks-ekin gertatu zen, milaka pelikula egiten saiatu ziren ahalik eta azkarren, baina pelikula on bat egiteko denbora behar da. Wikileaks-en gaiari buruzko lehenengo pelikula urte bat eta gero atera zen, eta ez zuen espero zuten arrakasta izan. Baina hamar urte eta gero ateratzen baduzu, segur aski zeozer interesgarriagoa dago kontatzeko, hausnartu eta gero.

Nola doaz hamabi Goya irabazi dituen zuzendariaren proiektu berriak? B planik bai, egoerak txarrera egiten badu?

A, B, C, D planak ditugu. B plana ez dator koronabirusagatik, proiektu desberdinetan lan egiten ari gara. Oraindik dena airean dago, etxetik ari gara lan egiten, gidoiak amaitzen eta pixka bat gauzatxo horiek egiten. Errodajeak oraindik oso urrun daude, oraintxe finantziatzioa eskuratzeko fasean gaude; posible da 2021ean zehar errodajeak hasteko aukera izatea.

Ospea zelan daramazu?

Madriletik etorri ginenean “Handia” pelikularen galaren ostean, nabaritu genuen jendea oso harro zegoela; euskaraz egindako pelikula batek Goya batzuk irabaztea harro sentitzeko moduko gauza zen eta nabaritu genuen. Kalean gelditu eta zoriontzen gintuzten egindakoagatik. Egia da zuzendariok ez dugula aktoreek duten ospea. Spilberg edo Almodovar ez bazara, ez duzu fama edo ospe hori. Baina bai, “Handia” pelikularen ostean, jendearen harrotasuna asko nabaritu genuen astean zehar. Nire herrian, Oñatin, Madriletik bueltatu eta gero, taberna batera sartu ginen eta gonbidatu gintuzten zeozer edan eta jatera. Ez zitzaidan buruan sartzen “Handia”-k izan zuen arrakasta. Ikaragarria da benetan.