GARA Euskal Herriko egunkaria

Hautetsi delegazioa Parisera joango da euskarazko hezkuntza defendatzera

Hiriburuko eskola publikoan euskarazko murgiltze eredua eskaintzeko debekua euskal hizkuntzaren kontrako eraso arriskutsu gisa ikusi du euskalgintzak. Hautetsi taldea astelehenean doa Parisera negoziatzera.


Haur hezkuntza euskaraz soilik eskaintzeko debekuak Hiriburuko eskola publiko bakar bati eragiten badio ere, kezka nagusitu da Ipar Euskal Herriko euskalgintzan eta hautetsien artean, erabakiak orain arte eredu hori baliatu duten beste eskolak ere arriskuan jar ditzakeela iritzita. Akitania Berriko eta Pirinio Atlantikoetako hezkuntza arduradunekin negoziazioek aurrera egiten ez zutela ikusita, Ipar Euskal Herriko hainbat hautetsi Parisera joango dira astelehenean bertan.

Ministerioarekin negoziatzera joanen den ordezkaritza Jean-Rene Etchegaray Euskal Elkargoko presidenteak, Alain Iriart Hiriburuko auzapezak, Max Brisson eta Frederique Espagnac senatariek eta Vicent Bru diputatuak osatzen dute. Hezkuntza ziklo osoan euskara hutsezko heziketa Ikastolen Federazioak soilik ematen badu ere Ipar Euskal Herrian, azken hamarkadan hezkuntza publiko eta pribatuan haur hezkuntza euskaraz eskaintzen duten eskolen kopuruak gora egin du etengabe.

Eredu publikoan hori egin ahal izateko esperimentazio estatus berezia behar da, eta orain arte, arazo teknikoak zituzten eskaerak kenduta, beti onartua izan da esperimentazio formatu hori. Aurtengo ikasturteari begira, aldiz, beharrezko baldintza guzti-guztiak betetzen dituen eskaera egin zuen Hiriburuko Baste Quieta eskolak, baina, arrazoi politikoak argudiatuta, ezezko erantzuna jaso zuen. Arrazoi horiek politikoak izanik, orain arte esperimentazio ereduan dauden beste eskola guztiak arriskuan jar ditzakeela ikusirik, Ipar Euskal Herriko euskalgintzaren eta hautetsien gehiengo zabala erabaki horren kontra altxatu da.

Errepublikako hizkuntza ofizial bakarra frantsesa izanik, murgiltze eredua «legearen kontrakoa» izan daitekeela argudiatu dute hezkuntza erakundeek Pauen eta Bordelen. Euskal Elkargoko hautetsiak kontra agertu dira, Hiriburuko eskolako gurasoek sinadura bilketa abiatu dute, Euskararen Erakunde Publikoak erabakiak suposa dezakeen arriskua salatu du, zenbait sindikatuk ere bere sostengua erakutsi dute, eta Seaskak berak ere sostengu osoa adierazi dio murgiltze eredu publikoari.

Euskal Elkargoan euskararen eta gaskoiaren gaineko hizkuntza politikaz eta kulturaz arduratzen den Antton Curutcharry presidenteordeak, deliberoaren arriskua nabarmendu zuen aurreko astean GAUR8ri eskainitako elkarrizketan: «Segur da hau eraso zuzen bat dela, aspaldian ukan ez genuen bezalakoa. Zeren eta, murgiltze sistema zalantzan ematen baldin bada, erran nahi du, gutxi gorabehera, sortuak ziren beste murgiltze sistema guztiak, potentzialki, zalantzan ematen dituztela».