2020 URR. 21 PILOTA Gertuago, baina urrun jarraitzen dute oraindik Jon ORMAZABAL Aurreneko bilerako balorazioa baino okerragoa egiterik zaila zela sinetsita, orain bi aste baina gusturago irten ziren Ibai Zabala eta Mikel Larunbe Baikoko ordezkariekin atzo izandako bileratik. Zenbait puntutan eztabaidatzen hasi izana positibotzat jo zuen Berrizko atzelariak, gardentasun ekonomikoaren eta barne araudiaren inguruan zehazki, baina oraindik ere «benetako eta idatzizko proposamenak» bota zituen faltan. Horregatik, gertuago egonagatik, gaur-gaurkoz, greba bertan behera uzteko arrazoirik ez zuen ikusten Zabalak bilera amaitu berri. Enpresak, bere aldetik, «pilotari plantilla guztiarekin» eta «egun dagoen egoera kontuan izanda» pausuak aurrera emateko borondatea agertu zuen. Horretarako, greba bertan behera uzteko eskatu zion greba egiten ari den taldeari bere webgunean kaleratutako ohar batean. Barne araudian zenbait aldaketa egiteko prest ere agertu zen Baiko eta berria negoziatzen duten bitartean zaharra bertan behera uzteko asmoa ere azaldu zuen. Hori bai, Bilboko enpresaren ustez, gauden osasun eta ekonomia krisi egoeran, «ezinezkoa» da pilotariek hitzarmen kolektibo berrirako egin duten proposamena, 150.000 euro inguruko kostua izango lukeena enpresaren esanetan. Korapilo nagusia Ulertzen zailagoa egiten den gaia, euren kontratua berritu ez duten lau pilotariekin –Laso, Mariezkurrena, Victor eta Eskiroz– negoziazioak berriro hartzearena da. Izan ere, Baikok greba batzordeari argi utzi zion ezin diela lau pilotari horiei eskaintzarik egin, baina, aldiz, ate bat zabaldu zuen, EPELen bitartekaritza onartu eta enpresen ligak proposa ditzakeen formulak aztertzeko prest azalduz. Ezin da ahaztu, ordea, Baiko bera dela EPELen erdia. Hain zuzen, testuinguru horretan izango luke lekua Olaizola, Urrutikoetxea, Altuna eta Ezkurdiak pilotarien elkarte bat sortzeko egindako proposamenak, lau pilotariok jakitera eman zutenez, EPELek kalean geratutako pilotarietako batzuekin negoziatzen hasteko konpromisoa hartu baitzuen beraiekin. Mugimenduon inguruan galdetuta, Zabala harrituta agertu zen orain gutxi pilotari elkarte bat sortzeko aukerari ezetza eman zioten Olaizolak eta Urrutikoetxeak orain beste elkarte bati baietza ematearekin. «Gardentasun eza» ikusi du beraiengan.