2020 AZA. 17 Elkarrizketa JOKIN ETXANIZ ASPEKO KIROL ZUZENDARIA «Izen berriak egotea ona da eta ez du esan nahi kalitate gutxiago egongo denik» Larunbatean, Bilbon, Elezkano eta Erik Jaka, igandean, Eibarren, Altuna III.a eta Dario. Buruz Buruko Txapelketaren finalerdiak Aspeko lau pilotarik jokatuko dituzte eta pozarren da Bergarakoa. Txapelketa azkar honen orain artekoaz eta etor daitekeenaz mintzatu zaigu botilero lanik egin beharko ez duen teknikaria, pilotari bakoitzaren unea aztertuz. Elkarrizketaren bertsio luzea NAIZen dago irakurgai. Jon ORMAZABAL Finalerdietako lau pilotariak Aspekoak dira, hori ez da sarri gertatzen... Ez, orain arte ez dakit sekula gertatu den. Azken urteetan pasatu izan da hiru sartzea eta, noski, gu oso pozik. Oraingoan lau izan dira eta tartean bi izen berri txapelketarako; zorionez gureak dira biak eta oso pozik. Eta hori Irribarria eta Ezkurdia bezalako Aspeko bi pilotari handi kanpoan geratu direla... Hori da, lehen aritu naiz pixka bat pentsatzen datorren urtekoan eta espero sistema aldatzea... Izan ere, aurten bezala enpresa bakoitzeko sei eta sei badira, nola egin behar dugu? Espero sistema aldatzea eta denek aukera izatea txapelketa jokatzeko. Zozketaren egunean, gainera, Aspek zorte txarra izan zuela ematen zuen, ezta? Egia da kolpea izan zela Altuna eta Ezkurdia adar berean tokatzea, Asperentzat eta txapelketarentzat. Bi hautagai garrantzitsu ziren txapela irabazteko eta hala tokatu zen. Datorren urterako pentsa zer hiru geratu diren kanpoan: Urruti, Ezkurdia eta Irribarria. Pentsatzen dut zerrendaburuak zozketara nahiko urduri joango direla ea zein tokatzen zaien! Hori bai, nik uste ona dela txapelketarentzat: irekia ikusten da eta, zenbat eta pilotari gehiago egon txapela irabazteko moduan, ba hobeto. Sailkatutako lau pilotariak aipatuko ditugu. Zer esan Darioz? Beti ikusi dugu dohainak badituela buruz buru aritzeko, baina suerte askorik ere ez du izan eskuetatik eta jarraikortasuna falta izan zaio... Nik uste dut iaz Promozioko Txapelketa irabazteak lasaitasun puntu bat eman diola. Lehen partidara nahiko urduri joan zen, baina, bigarrenera, Irribarriaren aurka jokatuta, oso lasai. Oso pozik nago beragatik, merezi du: oso gazte langilea da, oso jatorra eta ea zorte pixka bat duen eta jarraikortasuna izaten duen eskuekin. Jakari ere zortea aldatu zaio? Bai, egia da Binakakoan ez duela zorterik izan... Txapelketa oso ona egiten ari zen, geldialdia etorri zen eta justu finalerdietan arazo fisiko bat izan zuen eta ez zuen bere maila eman, garbi esanda. Pena horrekin zegoen. Zalantzatan egon ginen jokatu ala ez, azkenean entrenamendu batzuk ikusita baiezkoa eman genuen eta pentsa orain non dagoen. Iaz ere erakutsi zuen berekin hemendik aurrera kontatu egin beharko dela, Artolari irabazita, Josebari ere iaz lanak emanda... Lau eta erdian ere hortxe ibiltzen da, urtez urte ari da pauso batzuk ematen eta oraindik ez dakigu noraino helduko den, baina honaino heltzea azken urteotan egin duen lan guztiaren saria da. Ikusi zen lehen partidan gaizki pasatu zuela, baina argi neukan bigarren partidan beste Jaka bat ikusiko genuela eta horrela izan zen. Danel Elezkano? Sekulakoa da Danelena. Ez dakit nola esan: lana, afizioa, gogoa, ilusioa… eta beti hor. Bere gabezia edo mugak ditu, baina sekulako meritua du. Kontua da hori ez zaiola ezerezetik etorri, ordu asko daude atzean, eta esandakoa, ilusioa, gogo asko... Merezita du guztia. Eta hiru urte dira jarraian, horrek ere zerbait esan nahi du; ez da urte on bat izan duela, txapelketak une gozoan harrapatu duela... Hiru urte dira jarraian, lau eta erdian hortxe ibiltzen da, binaka ere urtean zehar sekulako maila ematen... Ze maila duen erakutsi du. Eta amaitzeko, Jokin Altuna. Ba bueno, zer esango dizut. Urtetik urtera, nahiz eta orain bi urte txapeldun izan, gorantz doa: fisikoki, esperientzia aldetik… Pilotari bezala hobetzen ari da eta oraindik nik uste hobetzen jarraitzeko aukera baduela. Iaz berak hartu zuen kolpea; zain zegoen eta Irribarria handi baten aurka galtzea tokatu zitzaion. Aurten alderantziz izan da. Orain denen ahotan faborito garbia da, baina berak badaki, eta horretan oso azkarra da, partidaz partida joan behar duela eta asko jokatu beharko duela Dariori irabaztea nahi badu. Finalerdietan lasai, botilero lanik egin beharrik gabe. Hala da bai, baina nik uste dut, eta ez diot ni neu egoteagatik, beharrezkoa dela botilero bat egotea, pilotari bakoitzak nahi duena. Jendearekin ere bai, baina are gehiago egoera honetan. Pilotariek kontzentrazioa mantentzeko-eta, nik uste botileroak beharrezkoak direla. Nola ikusten dituzu finalerdiak? Beti nahi izaten dugu izen handiak hortxe egotea, baina nik uste ona dela izen berriak egotea eta horrek ez du esan nahi kalitate gutxiago egongo denik. Horraino heldu dena zerbaitegatik heldu da. Lauren artean ematen du Altuna faborito garbia izan daitekeela, baino jokatu egin beharko du eta kontuz Dariorekin, beti arerio oso zaila eta arriskutsua da. Nik uste gauza politak ikusiko ditugula, joko bizia; oso lehia azkarra izango da. Eta, bestean, nahiko antzekoak dira biak; ez dira luzeak baina moldatzen dira botera, are hobeto airez eta bukatzeko garaian. Airez batez ere, oso onak dira. Defentsan ere biek erakutsi dute airez moldatzen direla… Nahiko partida parekatua ematen du eta sakea garrantzitsua izango da. Bukatzeko garaian ea nork amaitzen duen gehiago...