2020 AZA. 19 Kortatu, «Sarri Sarri» eta Ttutt historiarako elkartu zituen arratsaldea Fermin Muguruzak gogora ekarri du sare sozialetan: 1985eko azaroan aurkeztu zuen Kortatuk bere lehen diskoa, Iruñeko Ttutt tabernan. Ska doinuak eta airera emandako ostikoak Euskal Herri osora hedatuko ziren Ttutteko arratsalde hartatik aurrera. Inork ezin zezakeen pentsa 35 urte geroago hura gogoratzen egongo ginenik... Izaro IZU IRUÑEA Idazmakinaz idatzitako gonbidapena jaso zuten kazetariek 1985ko udazken nahasi hartan. Soñua diskoetxetik zetorren, Goñi anaietako batek sinatua, gaztelera hutsean: «Os anunciamos por la presente que el próximo lunes, día 18, tendrá lugar en el bar Ttutt (calle Curia), a las cinco de la tarde, la presentación del primer LP de ‘Kortatu’. Se proyectará algún vídeo del grupo y contaremos con la asistencia de sus tres componentes». Hirurak. Treku [Armendariz], Iñigo eta Fermin [Muguruza anaiak], alegia. Nekez pentsatuko zuten orduan aurkezpen hori euskal musikaren historiara pasatuko zenik. Denborak dena mitiko bilakatu du: taldea, diskoa, zenbait kantu eta Ttutt bera. Urteurrenaren berri Fermin Muguruzak eman bezain laster, ugaldu egin dira Curia kaleko taberna zulo hura gogorarazten duten pasarteak. Muguruzak berak hauxe oroitarazi zuen: «Esa buena gente de los @voluble!!! Los trabajadores del TTUTT, salían los fines de semana a grabar conciertos que después emitían en su sistema cerrado de televisiones del bar. Pura vanguardia audiovisual en los 80». Baten batek ziurtatu zuenez, La Polla Records-en “Ellos dicen mierda, nosotros amén” diskoko azalean agertzen den komuna, aldarriz beterikoa, Ttuttekoa zen. Zaila da baieztatzea, aspaldi itxi baitzituen ateak. Heavyen erreinua zen Iruñeko Alde Zaharreko alde horretan punken gotorleku nagusia zen Ttutt, baina garai hartako talde ezberdin askoren topaleku ere bai: Kortatu, Barricada, Cicatriz, La Polla, Belladona, Tijuana... Eta aurkezpenaren protagonistak zer? Ordurako jada Irundik harago jende andana mugiarazten zuen Kortatuk. “El último ska de Manolo Rastaman” eta “Mierda de ciudad” arrakasta handikoak ziren dagoeneko, Soñuak uda aurretik lau talderekin ateratako diskoa zela eta. Cicatriz, Kontuz Hi eta Jotakie ziren irundarren diskokideak. Ska doinuak eta airera emandako ostikoak Euskal Herri osora hedatuko ziren Ttutt-eko arratsalde hartatik. Bereziki Sarri eta Pitiren Martuteneko ihesaldia ospatuz, baina baita “Revuelta en el frenopático” edo “Nicaragua sandinista”-rekin ere. Garaiko giroa ederki jasotzen duen bideoa zekarren “Sarri Sarri”-k. Hori izango zen seguruenik Ttutt-eko aurkezpen hartan zabaldu zena, Soñuaren prentsa deialdiari kasu egiten badiogu. Denetatik zekarren, hala ere, Kortaturen lehen disko oso hark: The Clash-en klasiko bat (“Jimmy Jazz”), errepresioa eta gerra zikina salatzen zituzten kantak (“Zu atrapatu arte”, “Sospechosos”, “Hernani”), abesti alaiak (“La familia Iskariote”), ilunak (“Tatuado”)... Diskoaren azala ere belaunaldi oso baten gogoan iltzaturik gelditu da. Kortaturen ibilbidearen ezaugarri eta bere mezuen ikur bilakatuko zen aizkolaria ageri zen bertan: taldearen izena beheran, geroko disko batean agertuko zen “Aizkolari” kanta, “Kolpez kolpe” beranduxeago... Bai, euskal agertokia ebakitzera etorria zen Kortatu, lehengoaren eta gerokoaren arteko mozketa eragitera, beste zenbaitekin batera. Duela 35 urte, non eta Iruñeko katedralaren ondo-ondoan.