GARA Euskal Herriko egunkaria
PILOTA

Ezkurdiak uste baino errazago egin du aurrera

Azken bi urteetako txapeldunak ez du arazorik izan, bere maila eman ez duen Artola mendean hartzeko.


EZKURDIA 22

ARTOLA 8


Joseba Ezkurdia, azken bi urteetako txapelduna, Lau eta Erdiko finalerdietan izango da aurten ere, atzo Eibarren Iñaki Artola 22-8 menderatu ostean. Arbizuko aurrelariak uste baino lan errazagoak izan zituen, bere benetako maila ematerik izan ez zuen alegiarraren aurka.

Ez zen horrela izan partidako lehen tantoetan. Artola 0-2 aurreratu zen markagailuan eta bi pilotariek bizi jokatuz ekin zioten demari. Ezkurdiak abiadura handiagoa sartzen zion pilotari, baina lehen une horietan Artolak ederki asmatu zuen nafarrari zuloak bilatzen, dejada pare bat ere ederki botaz –kontraerasoan sartu zion 1-3koa ikusgarria izan zen, esaterako–.

Baina 6nako berdinketaren ondoren, dena goitik behera aldatu zen, bai markagailuari begiratuz gero behintzat: Ezkurdiak 15 tanto jarraian egin zituen eta zuzenean 21-6kora alde egin zuen, norgehiagoka erabat apurtuta utziz. Kasu honetan, markagailua kantxan ikusitakoaren isla zen.

Partzial horren lehen erdian-edo Artola saiatu zen erauntsia nolabait mozten, nahiz eta ez zuen batere asmatu. Adibide bat jartzearren, arriskatu eta errestoan aurrera egitea erabaki zuen aldi bakarrean Ezkurdiak mugimendua bikain usaindu eta sakea zabalean sartu zion (13-6).

Bigarren erdian, ordea, Artola jada neurketatik joan egin zela esan liteke, tantoak azkarregi oparituz. Zentzu horretan, Ezkurdiak sakez sartu zizkion 9 tantoak nabarmendu behar dira, horietatik batzuk maltzurrak izan zirelako baina beste dezente eramateko modukoak, Artolak errestoa gora edo zabalera bidalita egindakoak.

Amaieran bi tanto gehiago egin zituen alegiarrak, baina ez zuen ezertarako balio izan: Joseba Ezkurdia izango da finalerdietan Erik Jakaren aurka jokatuko duena, egungo Buruz Buruko txapelduna azken bi urteetan Lau eta Erdiko txapeldun izan den pilotariaren aurka.

«Beldurrez etorri naiz. Hankaz-eta ez nintzen oso bizi aurkitzen, esfortzu asko izan dira azken egunetan, baina uste dut nik nirea nahiko txukun egin dudala. Sakeari ez diot nahi bezainbesteko abiadura sartu, baina ezkerpareta ikutzen asmatu dut, lanerako ere gogoz, buruz sendo… Baina egia da Iñakik ez duela berea eman eta horregatik irabazi dudala horren erraz», aztertu zuen Ezkurdiak neurketa.

«Huts asko egin ditut, baina horren atzean dagoen arrazoia fisikoa da. Beti berandu iristen bazara pilotara eta behartuta, normala da akatsak egitea. Denbora asko egon behar izan dut geldi, eta oraindik ez nago nire mailarik onenean. Denbora beharko dut horra iristeko», azaldu zuen bere aldetik Artolak, eskuetan ere tako dezente jarriz dabilela gaineratuz.

Azpeitiarren arteko derbia

Jaialdiko beste interesgune nagusia Promozio mailako Lau eta Erdikoan jokatu zen azpeitiarren arteko derbia zen, eta bertan Julen Egigurenek 22-14 hartu zuen mendean Jon Alberdi. Alberdi 11-8 aurretik iritsi zen lan erdietara, baina bigarren zatian Egiguren V.a nagusitu egin zen kantxan eta bera izango da finalerdietan Darioren aurka neurtuko dena. Errioxarrak Arteaga 22-12 kaleratu zuen larunbatean Bilbon jokatu zen kanporaketan.

Beste finalerdian Elordi eta Zabala neurtuko dira. Aitor Elordik Urretabizkaia 22-8 menderatu zuen ostiral gauean, eta jaialdi berean jokatutako final-laurdenetako beste deman Javier Zabalak 22-4 irabazi zion Larrazabali. Horrek esan nahi du jokatutako lau kanporaketetan Aspeko pilotariak nagusitu direla Baikokoen aurka eta txapelduna ziur Eibarko enpresakoa izango dela.