2021 API. 22 PILOTA Suaren gainean dantzatzen trebatutako bikoteak parez pare Adarragan Jon ORMAZABAL Suaren gainean dantzan trebatutako bi bikotek neurtuko dituzte indarrak larunbat honetan Logroñon, eta Adarragan ere inolako sarerik gabe aritu beharko dute, galtzen duenak ia ezinezko izango baitu finalerako sailkatzea. Hamalau jardunaldi luzeren ostean, halaxe aritu ziren Altuna-Mariezkurrena eta Ezkurdia-Ladis Galarza duela bi aste play-offean, eta Aspeko bi bikoteek aurrera egin ahal izan zuten. Oraingo honetan, ordea, bietako batek oinak erreko ditu, ezinbestean. Bi bikoteek minduta amaitu zuten finalerdietako ligaxkako lehen jardunaldian, baina galtzeko eragatik, Altuna-Mariezkurrena izan ziren, seguru asko, kolpatuago amaitu zutenak; Berriozarreko atzelariak, batez ere. Berriozarrekoak onartu du konfiantzarik gabe aritu zela Labriten, «kantxan oso deseroso», eta erraztasunak eman zituela, baina dena atzean utzi omen du. Materialak ere izan zuen, seguruenik, eraginik euren partida kaskarrean eta larunbaterako nolabaiteko estrategia aldaketa bat antzeman daiteke piloten hautaketan, motelagoen alde egin baitzuten atzo. Ezkurdia-Galarza are ohituago daude amildegi ertzean aritzera eta, behin finalerdietan sartuta, Baraibarrekoa «oso fuerte» sentitzen omen da.