2021 UZT. 01 Iruñeko espetxeko eskubide urraketak argitara atera dituzte SOS Presoak Covid-19 ekimenak beharrezkoa deritzo presoak espetxetik ateratzea, bisean biseko komunikazioak berrezartzea, bakartzealdiak kentzea, txertaketarekin lotutako diskriminazio kasuak bertan behera uztea eta preso nafarrak Iruñeko espetxera ekartzea. GARA DONOSTIA Salhaketa Nafarroa, Etxerat eta Sare Herritarrak osatzen duten SOS Presoak Covid-19 ekimenak pandemiak Iruñeko espetxean izandako eragina neurtzen duen agiria aurkeztu zuen atzo. Bertan salatzen denez, Espetxeetako Idazkaritza Nagusiak (EIN) koronabirusaren karietara ezarritako neurriek presoen eskubideak urratzen dituzte oraindik. Ekimenak salatutakoaren arabera, Iruñeko kartzelako osasun arreta ez da egokia, kanpokoekiko harremanek mugatuta jarraitzen dute, espetxe barneko jarduerak murriztu egin dira eta osasun neurri gisa presoak bakartzen dituzte. Gogoratu behar denez, bakartzea salbuespen neurri gisa dago katalogatuta espetxe arloko legedian. Presoen eskubideak errespeta daitezela eskatu zuen ekimenak eta, horretarako, beharrezkotzat jotzen du presoak espetxetik ateratzea, Iruñeko espetxean bisean biseko komunikazioak berrezartzea, presoek kartzeletara itzultzean egin beharreko bakartzealdia kentzea, presoak txertoa hartzea edo ez hartzea erabakitzeagatik ez diskriminatzea, eta preso nafarrak edo Nafarroan errotuta daudenak Iruñeko espetxera ekartzea. SOS Presoak Covid-19 ekimeneko kideek gogorarazi zutenez, espetxetik ateratzeko baimenak bertan behera gelditu ziren covid-19ak eragindako pandemiaren hasieran eta, 2020ko maiatzaren erdialdean berrezarri bazituzten ere, presoek espetxera itzultzean 14 eguneko bakartzealdia egin behar dute. Hala ere, geroztik hainbatetan debekatu dira aipatu baimenak, eta bakartzealdiak egitera derrigortu dituzte presoak. Bestalde, Iruñeko kartzelan egiten diren bisita bakarrak oraindik ere kristala tartean dela egiten direnak direla gogoratu zuten. Bideo deiak ez direla mantendu ere salatu zuten: «Orain, bideo deiak egin ditzaketen bakarrak bisitak jasotzen ez dituztenak dira, astean behin edo hamabostean behin». Espetxe barruko jarduerei dagokienez, gogorarazi zuten pandemiaren hasieratik sarritan ezarri zaizkiela tailerrak edo bestelako jarduerak eskaintzeko arduradunei kartzeletara sartzeko debekuak. Horrek jarduerak bertan behera gelditzea ekarri du hainbatetan. Iruñeko kartzelan 2021eko maiatzaren 18an egin zen txertaketa, eta prozesuan presoek pairatutako informazio gabezia gaitzetsi zuen taldeak: «Presoei ez zaie aurrez jakinarazi txertaketa egin behar zenik, ezta zer txerto jarriko zitzaien ere, eta egunean bertan jakin zuten, modulu bakar batean izan ezik».