GARA Euskal Herriko egunkaria
SURF

Urrats olinpikoa surfaren historian

Surfaren historian betiko idatzita geratuko dira Carissa Moore hawaiiarraren etaItalo Ferreira brasildarraren izenak, surfean urrezko domina lehen aldiz irabazi duten surflariak. Olatu narrasekin eta baldintza zailetan egin da lehenengo txapelketa olinpikoa, eta, ezustekoak izan badira ere, faboritoak nagusitu dira.


Surfaren historian idatzita geratuko da betiko 2021. urtean Japonian lehen aldiz surfa Olinpiar Jokoetan izan zela, eta, horrekin batera, bi izen nabarmenduko dira, Carissa Moore eta Italo Ferreira, surfean urrezko domina irabazi zuten lehen bi surflariak.

Hiru eguneko txapelketaren ostean, uztailaren 27an amaitu zen surfaren historiako lehen txapelketa olinpikoa. Nepartak tifoiak sortutako bi metro inguruko olatu narrasetan lehiatu ziren surflariak. Itsasoa oso nahasia zegoen, baina baldintzak lehiakide guztientzat berberak ziren, eta, azkenean, hawaiiarra eta brasildarra nagusitu ziren Tsurigasakiko hondartzan.

Lehen txapelketa olinpikoa izaki, ezohiko lehiaketa izan zen, ezohiko formatuan eta ezohiko hondartza batean jokatua. Izan ere, hain baldintza txarreko hondartzetan oso gutxitan egiten dira mundu mailako surf txapelketak. Ondorioz, ezohiko emaitzak izan ziren zenbait txandatan, eta, ezohikoa den arren, goofy edo ezker surflariak nagusitu ziren.

Nesken kategorian, finalerdietara iritsi ziren lau lehiakideetatik bi goofy-ak (Caroline Marks eta Bianca Buitendag) ziren, eta, mutilen kategorian, ostera, finalerdietara iritsi zirenen artean lehiakide bakarra zen erregulara (eskuin surflaria), alegia, Kanoa Igarashi.

Beste datu bitxia japoniarrek eskuratutako emaitza onak izan ziren. Munduko txapelketetan lehen sailkatuen artean japoniarrak izatea ez da ohikoa, gehienetan australiarrak, hawaiiarrak, brasildarrak edota estatubatuarrak nagusitzen baitira. Aldiz, Tsurigasakiko hondartzan banatu ziren sei dominetatik bi lehiakide japoniarrek eskuratu zituzten.

Dukeren ametsa

Lau bider munduko txapelduna izan den Carissa Moore gailendu zen nesken kategorian eta Bianca Buitendag hegoafrikarra bigarren postuan geratu zen. Finalerdietan kaleratuak izan ziren Amuro Tsuzuki japoniarrak eta Caroline Marks estatubatuarrak buruz buru lehiatu behar izan zuten brontzezko domina nork irabazten zuen erabakitzeko, eta, azkenean, japoniarra nagusitu zen.

Urrezko domina golkoan, pozik mintzatu zen Moore. Hawaiiarrak Duke Kahanamoku, “surfaren aita”, ekarri zuen gogora: «Hawaiiarra naizen heinean Duke Kahanamokuk zuen ametsa, alegia, noizbait surfa kirol olinpikoa izatea, errealitatea bilakatu dela ikustea zinez hunkigarria da».

Txapelketa bitxia izan zela ere aitortu zuen surflari hawaiiarrak. «Gure kirola inoiz surf txapelketarik ikusi ez duen jende pila batekin partekatu ahal izatea zinez berezia da. Surfarentzat momentu berezia da, maila honetan aitortuak izatea urrats oso esanguratsua baita», adierazi zuen.

Domina zati bat denontzat

WSL zirkuitua irabazi ostean 2019ko munduko txapelduna izan zen Italo Ferreira brasildarra izan zen mutilen kategorian urrezko domina eskuratu zuena. Finalean arerio gogorra izan zuen, Kanoa Igarashi, Kaliforniako Huntignton Beacheko olatu txikietan hazitako japoniarra, baina Ferreirak edozein baldintzatara egokitzeko gai dela frogatu zuen beste behin ere, eta alde handiz nagusitu zen. 6,60 puntu bildu zituen Igarashik bere bi olatu hoberenekin, eta, aldiz, Ferreirak, 15,14 puntu lortu zituen.

Ezustekoa brontzea lortzeko buruz buruko txandan gertatu zen, Owen Wright australiarrak bi bider munduko txapelduna izandako Gabriel Medina garaitu baitzuen. Medina urrezko domina irabazteko faboritoetako bat zen eta, ostera, inork gutxik aurreikusten zuen Wright finalerdietara iristea, australiarra gizon altua baita (1,90 m), eta, ondorioz, olatu txikietan baino askoz hobeto moldatzen baita olatu indartsuetan. Azkenean, baina, domina beretzat izan zen, Medinari oso alde txikia atera eta gero (0,20 puntu).

Horrenbestez, brontzezko domina Owen Wrightek irabazi zuen, zilarrezkoa Kanoa Igarashik eta urrezkoa Italo Ferreirak. «Nire karreran lortu ditudan garaipen guztiak dira garrantzitsuak, baina hau berezia da, zeren lehena izan naiz surfeko domina olinpikoa eskuratzen», nabarmendu zuen Ferreirak. Bere garaipena surflari guztiekin partekatu nahi izan zuen brasildarrak: «Surflari guztiek egin dute historia hemen, surflari bakoitzak urrezko domina honen zati bat du».

Jokoek surf munduan utziko duten aztarna ere hizpide izan zuen Ferreirak: «Uste dut Jokoek gure bizitzak aldatuko dituztela, ez soilik domina bat irabazi dugunona, txapelketan izan garen guztion bizitzak baizik».