2021 ABU. 05 Elkarrizketa STEFAN KAGL ORGANISTA «Euskal Herriko paisaiak eta doinuak irudikatu ditut ‘Euskal suite’ obran» Stefan Kagl Munichen jaio zen, 1963an. Bertan ikasi zuen Klemens Schnorrekin, eta, ostean, Parisen, Jean Langlaisekin. Parisko Goi Kontserbatorioan hainbat sari lortu zituen. Notre-Dame eta Londresko St. Paul katedraletan jo izan du, baita Europako beste katedral entzutetsu batzuetan ere. .Mikel CHAMIZO A Donostiako Musika Hamabostaldiko Organo Zikloa erdialdera iritsiko da gaur, eta, horrekin batera, aurtengo edizioan gehien espero den hitzorduetako bat ere helduko da: Stefan Kagl organo jotzaile alemaniar ospetsuak eskainiko duen emanaldia. 20.00etan hasiko da, Artzain Onaren katedralean, eta, bertan, Musika Hamabostaldiaren enkarguz konposatu duen “Euskal suitea” obra estreinatuko du, hamaika doinu herrikoi ezagun jaso eta berrasmatzen dituen organorako pieza. Proiektuak sortze prozesu luzea izan du, eta Kaglek Euskal Herrira eta Bretainiara egindako bisitetan du jatorria. Bi nazioen artean paralelismo argiak aurkitu zituen organista alemanak. «2015eko urrian gonbidatu ninduten lehen aldiz Euskal Herrira», gogoratu du Kaglek. «Hiru kontzertu eman nituen Azkoitian, Usurbilen eta Deban. Baina lehentxeago, udan, Bretainiako Festival des Filets Bleus jaialdian aritu nintzen, eta bertako folk musika asko entzuteko aukera izan nuen. Txundituta utzi ninduen, eta, gero, hona iristean, Bretainiako eta Euskal Herriko kulturen artean hainbat antzekotasun zeudela ikusi nuen: hizkuntza propioa, itsasoa, arrantzaren indarra, eta, nolabait, baita musika ere». Kaglen lehen bultzada abesti bretoiei buruzko suite bat idaztea izan zen, baina Esteban Elizondok, organoaren bultzatzaile nekaezina Euskal Herrian eta Musika Hamabostaldiko Organo Zikloaren koordinatzailea, suite hori euskal kantu herrikoietatik abiatuta konposatzeko konbentzitu zuen. «Elizondok materiala bidaliko zidala esan zidan, eta, bat-batean, 120 euskal kanta herrikoi iritsi zitzaizkidan etxera!», azaldu du barrezka Kaglek. «Prozesu luzea izan zen guztien artean aukeraketa egitea, denak gustatzen zitzaizkidalako. Hasieran 50 aukeratu nituen, baina hainbeste material erabilita obra oso luzea izango zen. Azkenean, joan-etorri askoren ostean, 11 abestirekin geratu nintzen», jarraitu du. Azken aukeraketan sartu zituen abestiak erabakitzeko irizpidea kantuen izaera melodikoa eta suite baten parte izateko barietatea izan zezatela izan zen. Suitea mugimendu labur kontrastatzaileen segidagatik bereizten den konposizio mota da, azken finean. «Jai-giroko doinu batekin hasi nahi nuen, gero samina transmititzen duen melodia batekin jarraitzeko, eta, geroago zerbait prozesionala, dantzatzeko piezak, harmonia triste eta alaiak... Euskal musikaren izaeraren aniztasuna azpimarratu nahi nuen». Aukeratutako 11 mugimenduak honakoak dira: “Donostiako martxa”, “Oñazez”, “Hiru damatxo”, “Mendian gora haritza”, “Zortzikoa”, “Gorago beti”, “Txalopin txalo”, “Dira, dira”, “Txakolin”, “Argizagi ederra” eta “Contrapax”. Organistena mundu berezia da. Biolinista, flautista edo gitarrista batek beti bere instrumentua darama gainean eta oso ondo ezagutzen du, baina, organisten kasuan, eurak egokitu behar dira aldiro joko duten organora, eta, noski, instrumentu bakoitzak ezaugarri bereizgarriak ditu. Musika Hamabostaldiko Organo Zikloak garrantzi handia ematen dio gainera Gipuzkoako organo ondareari, munduko garrantzitsuenetakoa baita probintzian barna dauden kalitate handiko instrumentuengatik. Hori dela eta, Organo Zikloko kontzertuen erdiak Donostiatik kanpo egin ohi dira, interes bereziko organoak dituzten elizetan. Aurtengo udan, Ataun, Usurbil, Azpeitia, Zumaia, Tolosa, Azkoitia eta Debara joango da zikloa. Kaglen kontzertua Donostian izango da, baina bere emanaldia instrumentu oso berezi baten ezaugarrietara egokitu beharko du. Izan ere, “Euskal suite” obra eta joko duen beste lana, Mussorgskiren “Erakusketa bateko koadroak” obraren moldaketa, penintsulako eliza-organo handienetako batean joko ditu, Artzain Onaren katedrala babesten duen organo neoklasikoan hain zuzen. Bere eskuzko bost teklatuekin, pedal-teklatuarekin eta 125 jokoekin, tresna bikain horrek kolore, tinbre eta efektu espazialen malgutasun handia eskaintzen du, organo askoren eskura ez dauden baliabideak. Kaglentzat ez da erronka berria, aurretik ere instrumentu handiekin lan egin baitu –Parisko Notre-Dame edo Londresko St. Paul katedraletako organoekin, adibidez–. Hori bai, badaezpada ere, Artzain Onaren katedraleko organoa aztertzeko behar besteko aurrerapenarekin iritsi da Donostiara. «Organoarekin lan egiteko aukera izan dut azken egunetan eta oso tresna interesgarria da, aukera asko eskaintzen dituena», nabarmendu du Kaglek. «Organo post-sinfoniko tipikoa da, 50eko hamarkadako ezaugarriak dituena. Kolore xehetasun asko ditu eta efektu inpresionistak sortzeko bereziki egokia da. Soinu oso bereziak sor ditzake tronpeta eta kaina erregistroekin, eta hori baliatuko dut, bai “Euskal suite” obran, bai Mussorgskyren moldaketan». Azken sorkuntza hori, bide batez, paradigmatikoa da orkestratzaileen artean. Konpositore errusiarrak pianorako jatorrizko partitura sortu zuen 1874an, baina, gerora, XX. mendean zehar, beste konpositore batzuek zerbait berezia ikusi zuten partitura horretan, eta, ondorioz, hamaika aldiz egokitu zuten orkestrarako. Konpositoreez gain, Henry Wood, Leopold Stokowski, Leonard Slatkin edo Jukka-Pekka Saraste bezalako zuzendari handiek ere orkestratu izan dute “Erakusketa bateko koadroak”, baina, bertsiorik ospetsuena, zalantzarik gabe, Maurice Ravelek 1922an sinatu zuena da: musikaren historiako orkestraren erabileraren gailurretako bat da. Organoa bere barnean orkestra bateko kolore guztiak dituen instrumentua da, baina Kagl pianorako bertsiotik abiatuko da. «Jakina, Ravelen bertsio zoragarriak beti inspiratzen zaitu», aitortu du, «baina pieza hau ezberdina izan daiteke organo bakoitzean, eta oso ariketa interesgarria da organo bakoitzak eskaintzen dizkidan aukeretara egokitzea. Donostiakoak aukera koloretsuak eskaintzen dizkit eta baliatu egin nahi ditut». Kaglen iritziz, alde oso handia dago orkestra zuzendari eta organo jotzaile baten artean moldaketa bat egiterako orduan. «Zuzendariek, tinbreak eta efektu orkestralak buruan irudikatu eta gero, partituran islatzen dituzte. Organistok, ordea, organoaren aurrean esertzen gara eta instrumentuaren teklatuan garatzen dugu gure bertsioa. Eskura ditugun soinuekin zuzenean lan egiten dugu, eta, horregatik, aldiro-aldiro pixka bat desberdina izan daiteke gure moldaketa, organo bakoitzarentzat egokiena izango den bertsioa garatzen dugulako». Stefan Kaglen emanaldia 20.00etan hasiko da Artzain Onaren katedralean eta sarrera doakoa da, gonbidapenarekin (Musika Hamabostaldiaren bulegoan daude eskuragarri).