2021 ABU. 08 ARRAUNA - EUSKO LABEL LIGA Donostiarra nagusi Rianxon Bigarren txandatik abiatuta nagusitu da «Torrekua II.a», Santurtziren «Sotera»-k, dena den, hiru puntu sartu dizkio Hondarribiari. Arnaitz GORRITI Rianxoko Barbanza Arousa Bandeira delakoaren aurreneko ekitaldia Donostiarrak eta Santurtzik inork baino hobeto gogoratuko dute. Hasteko eta bat, donostiarrek irabazi baitzuten «bandeira», eta bide batez sailkapen nagusiko laugarren postura egin zuten salto seigarren amaitu zuen Orioren kontura. Bestetik, «Soterak» 56 ehuneneko aldeagatik ezin izan zuen estropada irabazi, baina Hondarribia bosgarren sailkatu zenez, sailkapen nagusian sekulako kolpea eman zuen, «Ama Guadalupekoa»-rekiko zortzi puntuko aldea lortu baitzuen: 117 puntu santurtziarrentzat; 109 hondarribiarrentzat. Arousako itsasadarreko «meiga» delakoei beldurra zieten, eta akaso ez dira «meigak» izan, baina bai haizea. Bezperan, estropada eremua ikuskatzen zebiltzala, beldurrak airean atera ziren Eusko Label Ligako euskal ordezkariak, baina zapatu honetan ez dute hainbesterainoko boladarik izan. Tarteka bai, orduko 20 kilometrotik gorako ufadak jasan dituzte, eta haize boladak direla medio, kaleen artean ere ezberdintasunik izan den arren, aitzakiarik gabeko estropada eremua izan dute bidelagun arraunlariek. Zentzu horretan, meritua eman behar zaio Donostiarrari, betiere erreferentziatzat markatzen den 20 minutuko langa botatzeko gai izan zen ontzi bakarra izan zelako. Haizeak haize eta aurkariak aurkari, lan borobila egin zuten «Torrekua II.eko» gizonek, neurri handi batean Urdaibaik ere bultza egin zielako. «Bou Bizkaia»-k jardunaldiko hirugarren denborarik onena egin zuen, irabazlearengandik bi segundo eskasera. Buruz buruko lehiak Buruz buruko lehia bat baino gehiago ikusi ziren, egia esan. Hiru txandetan ikusi ahal izan zen nola traineruak binaka bereizi ziren hasieratik amaierara arte; salbuespena agian Santurtzi bera izan zen. Zierbenak ere lan txukuna eginagatik –ez zen alferrik laugarren postuan sailkatu– ezin izan zion «Sotera»-ren martxari jarraitu azken luze eta erdian. Ondorioz, Eusko Label Ligako liderrak nolabait esatearren erlojuaren aurkako dema jokatu behar izan zuen azken sei-zortzi minutuetan. Hala, lehorreko epaileek beren kronometroak zehatz-mehatz begiratu behar izan zituzten. Urduritasun dexenterekin jarraitu zuten Donostiarrako traineruan Santurtziren azken txanpa. Bizkaitarrak helmugara iritsi berritan, denbora ez-ofizialen arabera garaipena beraiena zela jakin zuten lehenengo unetik, baina ofizialki konfirmatu arte ezin izan zuten arnasa sakon eta lasai hartu. Beste hainbeste Hondarribia eta Orioren arteko lehiari zegokionez. Hasiera batean gainera «mirotzak» Hondarribiaren aurretik sailkatu zirela aipatu bazen ere, azkenean ikusi zen «Ama Guadalupekoa»-k Oriok baino 12 ehuneneko arinago amaitu zuela. Gaitz-erdi hondarribiarrentzat, kolpe bikaina jo baitzuen atzo Santurtzik. Eusko Label Ligak gaur eguerdian izango du hurrengo hitzordua: Boiroko XXXI. Bandera. Ohorezko txandan Santurtzi Zierbena, Urdaibai eta Donostiarrarekin ariko da, Oriok eta Hondarribiak bigarren txandan aritu beharko duten bitartean. LEKITTARRAEl Lekittarra, que la semana pasada se quedó aislado y sin poder remar, volvió a estar ayer en el agua. No les salió tan buen día como hubiera deseado a los de Isuntza y quedaron últimos. Sin embargo, siguen teniendo una bonita diferencia respecto a Tirán y Zarautz.