GARA Euskal Herriko egunkaria

Izar prestazioen errekargua ordaintzera kondenatu dute

Bilboko Lan Arloko 5. Epaitegiak Izar Construcciones Navales kondenatu du, amiantoarekin lan egin zuen langile baten heriotza eragin zuen gaixotasun profesionalaren ondoriozko Gizarte Segurantzako prestazioen %50eko errekargua ordaintzera. Langileari 2008an diagnostikatu zioten gaixotasuna eta 2018an hil zen.


Bilboko epaitegi batek Izar Construcciones Navales zigortu zuen atzo lanbide-gaixotasunaren ondoriozko Gizarte Segurantzako prestazioen %50eko errekargua ordaintzera, amiantoaren eraginpean aritu zen langile baten heriotzaren harira.

Asviamie amiantoaren biktimen euskal elkarteak ohar batean jakinarazi zuenez, epaitegiak aintzat hartu du langilearen alargunaren demanda, eta likidazioan dagoen Izar Construcciones Navales enpresa zigortu du, hartu behar zituen segurtasun neurrien arau-hauste «oso larria» egiteagatik.

Elkarteak azaldu zuenez, hildako beharginak margolari gisa lan egin zuen enpresan 1954tik 1963ra eta 1966tik 1973ra, Astilleros Españoles SA konpainiaren bi kontratutan –ondoren Izar Construcciones Navalesek bereganatu zuen–. Hildako langileak eta bere lankideek beste gremio batzuek utzitako amianto ebakinak garbitzen zituzten, eta kaskoa, oinetakoak eta eskularruak erabiltzen zituzten horretarako, baina ez maskara. Langileei azterketa medikoak egiten zizkieten, baina legediak ezarritako baldintzak bete gabe: ez zizkieten erradiografiak eta espirometriak egin.

2008an diagnostikatu zitzaion langileari gaixotasuna, eta, 2017an, Osakidetzak laringeko minbizia, arnas gutxiegitasun kronikoa eta pleurako plakak zituela jakinarazi zion. Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak langilearen gaixotasun profesionalak eragindako ezintasun absolutua deklaratu zuen. 2018an hil zen.

Lan Arloko 10. epaitegiak 90.983 euroko kalte-ordaina ematera zigortu zuen dagoeneko enpresa 2019an, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak berretsi zuen epaian. Orain, auzitegiek Gizarte Segurantzako prestazioen errekargu ordaintzeko beharra ezarri diote Izarri. Asviamie elkartearen arabera, ontziolak «ez zituen segurtasun neurriak bete» eta «langileei ez zien eman arrisku kantzerigenoaren berri».