GARA Euskal Herriko egunkaria

Txiki eta Otaegi gogoan, faxismoaren aurkako aldarria hainbat herritan

Francoren aginduz fusilatu zituztenetik 46 urte pasatuta, Nuarben eta Zarautzen Angel Otaegi eta Jon Paredes «Txiki» oroitu zituzten atzo goizean ehunka lagunek. Arratsaldean Sortuk elkarretaratzeak deitu zituen Euskal Herriko hainbat txokotan Gudari Eguna oroitzeko, «Euskal Herria bihotzean. Independentzia» lelopean.


FRAPeko hiru kiderekin batera, 1975eko irailaren 27an fusilatu zituzten Anjel Otaegi eta Jon Paredes Manot Txiki ETAko kideak. Urteurrena gogoan, atzo ere ez zen haien omenezko ekitaldirik falta izan; Nuarben eta Zarautzen, adibidez, oso presente izan zituzten.

Nuarben mendi martxa eta ekitaldia egin zituzten igandean. Bertan, Otaegirekin batera, 1984ko Pasaiako sarraskian Polizia espainolak hil zituen Dionisio Aizpuru Kurro eta Pedro Mari Isart Pelitxo herrikideak ere izan zituzten gogoan. Atzo arratsaldean oroimenezko ekitaldi xumea ere egin zen hilerrian.

Eguerdian, berriz, urtero bezala, Zarauzko hilerrian Jon Paredes Manot zena gogoratu zuen Ahaztuak elkarteak. Otaegi eta Txiki, biak izan zituen aipagai Sortuko Kontseilu Nazionaleko kide Haimar Altunak, Zarauzko kanposantuaren atarian: «Egun seinalatu honetan, Txiki eta Otaegi oroitzen ari gara, nola ez, baina, era berean, 1936tik gaur arte Euskal Herrian bakea eta askatasuna lortzeko ahaleginetan bizitza galdu duten herrikideak ere oroitu nahi ditugu. Nondik gatozen oroitzea behar-beharrezkoa zaigulako».

«Eskubide guztiak, biktima guztiak, memoria guztiak. Bizikidetzan aurrera egiteko ezinbesteko printzipioa da. Soilik errelato inklusibo batetik eraiki ahal izango dugu elkarbizitza demokratikoa Euskal Herrian», adierazi zuen Altunak. Eta honakoa erantsi zuen: «Garrantzitsua da erantzukizunez jokatzea, faxismoari eta faxismoak ezartzen duen agendari bizkar emanez, horrek ondorio latzak dakartzalako. Eta horri buruz zerbait badakigu hemen».

Eguerdian, Ernaik elkarretaratzeak deitu zituen Bilboko, Donostiako, Gasteizko eta Iruñeko unibertsitate campusetan, “Bizirik dirau. Borrokak egiten gaitu aske” lelopean. «Atzera begiratuko dugu etorkizunaren nostalgiaz. Eskuetatik ihes egingo ez digun ametsa irabazteko. Herri aske bat», nabarmendu zuen gazte antolakundeak.

Larunbatean Oiartzunen eta igandean Baionan ekitaldiak egin ondoren, atzo arratsaldean herriz herri 30 elkarretaratze baino gehiago deitu zituen Sortuk Gudari Eguna oroitzeko, “Euskal Herria bihotzean. Independentzia” lelopean.

«Euskal Herri askea, justua, sozialista, euskalduna, feminista, antifaxista, antirrazista eta ameslaria daramagu gure bihotzean. Horren alde borrokatu zuten, horren alde borrokatzen dugu eta horren alde borrokatuko dugu beti», adierazi zuen Sortuk Euskal Herriko plazetan.