2021 AZA. 13 Sinboloak (I) Estibalitz EZKERRA Literatura kritikaria Aurreko astean jakinarazi zuten aurtengo Gouncourt saria Mohamed Mbougar Sarr idazleak jasoko duela “La plus secrete mémoire des hommes” (Gizonen memoriarik sekretuena) nobelagatik. Senegalgoa jatorriz, unibertsitatean literatura ikasketak egiteko asmoarekin heldu zen Frantziara Sarr. Bere nobelak Parisen bizi den idazle senegaldar gazte bat du protagonista, komunikabideek “Rimbaud beltza” izendaturiko TC Elimane idazle afrikarrak 1938an argitaraturiko nobela kasualitatez aurkituko duena. Istorioak benetan jasotako gertaera batekin lotura du: Yambo Ouologuem idazle maliarra Renadout saria jaso zuen lehen afrikarra bihurtu zen 1968an; handik urte batzuetara plagioa egin izanaz akusatu zuten eta Frantziatik alde egitea erabaki zuen bizitza publikotik betiko desagertzeko. Presidentetzarako hauteskundeetarako motorrak berotzen hasi direla-eta giro nahasia dago herrialdean iragan kolonialaren inguruan. Alde batetik, hainbatek oportunista eta paternalistatzat jo dituzte Frantzia eta kolonia ohiak “adiskidetzeko” Macronen saioak. Bestetik, gorrotozko hizkera, arrazakeria eta xenofobia bultzatzen duten eskuin muturreko politikariak daude. (Eric Zemmourrek “frantsesak” ez diren izenak debekatzea eskatu du berriki). Testuinguru honetan, “sinbolikotzat” jo dute Frantziako komunikabideek sariaren iragarpena, 1867an Goncourt-a ematen hasi zirenetik bigarren aldia baita idazle beltz batek jasotzen duena (lehen aldia duela ehun urte izan zen; orduan Rene Maran martinikar-frantsesa izan zen saritua). . .