2022 URT. 14 Sorzabal aldi baterako Espainaratuko dute gaur Frantziar Justiziak irundarrak aurkezturiko tortura salaketa sinesgarritzat eman bazuen ere, Madrilen esku utziko du epaitua izateko. GARA BAIONA Iratxe Sorzabal presoa Espainaratuko dute gaur, aldi baterako, Kazeta.eus agerkariak defentsaren iturriak aipatuta atzo aurreratu zuenez. 2015eko irailaren 22an David Plarekin batera Baigorriko landetxe batean atxilotu zutenetik frantziar Estatuan dago preso Sorzabal, zehazki Paris inguruko Reauko espetxean. Auzitegi Nazional espainolean epaitua izan dadin entregatuko dute frantziar agintariek. Zehazki, heldu den otsailaren 7 eta 8an epaituko dute irundarra, 1996an Xixonen bi lehergailurekin ETAk burutu zuen atentatuan parte hartu izana leporatuta. Agintari espainiarrek hainbat euroagindu eskaera egin zituzten Sorzabalen aurka. Torturaren errealitate gordina agerian geratu zen eskaera horiek aztertzeko Parisen eginiko auzi saioetan. Are, 2020ko abenduaren 16an ezagutzera eman zuen erabakiaren bidez Parisko Dei Auzitegiak sinesgarritasuna eman zion 2001ean Hernanin atxilotu zutenean Guardia Zibilaren esku irundarrak jasan zituen torturen buruzko salaketari. Lehen aldia zen estatuen arteko bata bestearekiko konfiantzaren printzipioa hizpide duen euroaginduari buruzko auzi batean atzera botatzen zena eskaera bat. Zer eta frantziar aditu batek Istanbulgo Protokoloa aplikatuta Iratxe Sorzabalek pairaturiko torturak egiaztatzen zituen txostenean oinarrituta. Xantiana Cachenaut abokatuak erabaki horren garrantzia nabarmendu zuen auzian, baita bere aldamenean izan zuen Serge Portelli Versailleseko epaile ohiak ere. Hala eta guztiz ere, epaile frantsesek Madrilek aitzinetik igorritako beste hiru euroagindu onartzeko urratsa egin zutenez, Sorzabalen entrega gauzatu egingo da. Lehenengo bi eskaerak 2018ko irailean onartu zituen auzitegiak eta hirugarrena, berriz, 2019ko urrian. Gauzak horrela, Parisek onarturiko eskaera horietako batean agertzen zen inputazioa aintzat harturik epaituko dute preso irundarra Madrilen. Euskal presoaren Espainaratzea eta epaiketa salatzeko, Irunen mobilizazioak antolatu dituzte datozen egun eta asteetarako. Lehena gaur bertan izanen da. Bidasoaldeko Iratxeren Lagunak herri ekimenak bultzaturik gaur arratsaldeko 19.00etan kontzentrazioa eginen dute San Juan plazan. Urtarrilaren 21ean, berriz, 19.00etan, “Bi arnas” dokumental proiektua aurkeztuko dute. Sorzabalek eta haren ama Mari Nieves Diazek sufrituriko arnasa falta islatu nahi du Muara Kultur Elkarteak eta euskal herritarrek pairaturiko torturak salatzea du helburu. Epaiketaren atarian, otsailaren 5ean, manifestazio bat abiatuko da Irungo San Juan plazatik, 18.00etan. Iratxe Sorzabal Oslon izan zen ETAren mintzakide taldean David Pla eta Josu Urrutikoetxearekin batera, gatazkaren ondorioak elkarrizketa bidez konpontzeko. 2015eko irailean Baigorrin atxilotu ondoren epaitua izan zen. Zazpi urteko kartzela zigorra eman zioten. Heldu den azaroan, beranduenez, frantziar Estatuan ezarritako zigorra beteko du. Aspiazu, bi hilabeterako Bestalde, aste honetan bertan jakin denez Parisko Dei Auzitegiak onartu du Garikoitz Aspiazu euskal presoa bi hilabeterako espainiar Estatura eramana izatea, 2002an Bilbon kalte materialak eragin zituen eraso bati buruz epaitua izateko Auzitegi Nazionalean. Aspiazu heldu den abuztua baino lehen entregatzea deliberatu zuen, joan zen asteazkenean, frantziar auzitegiak. Bi hilabeterako lekualdatuko dute Aspiazu, eta ez espainiar epaileek eskatzen zuten bezala sei hilabeteko eperako. Erabaki hori Aspiazuren kontra Madrilek bidalitako hamaika prozeduren baitan hartu zuen auzitegiak. Jujeek hiru eskaera onartu eta beste zortzi eskaeraren gainean informazio gehigarria eskatu zuten. Otsailaren 28a arte epea du Madrilek informazioa emateko, apirilean 26an entzunaldi berria deitua baita Parisen.