2022 OTS. 08 Femio Joxemari CARRERE Ipuin kontalaria Ulises, otoi: erruki hadi nitaz. Damutu egingo haiz aedo bat hiltzen baduk, jainkoei eta gizonei kantatzea besterik ez baitut egin. Hiretzat ere kanta zezakeat». Horrela mintzo zaio Femio aedoa Ulisesi, honek, bere emazte Peneloperen ezkongaien sarraskia burutu eta gero. Femio beldur da, Peneloperen ezkongaien festetan istorioak abesten egon delako, eta, haiekin egin bezala, odoletan isilduko ote duen bere kantua. «Femio aedoa ere, ezkongaientzat kantatzen zuena, Ker heriotza-ekarlea saihestu nahian zebilen. Zutik zegoen, eskuan lira zuela. Zalantzan zegoen: edo megaroiko ate txikitik irten eta Zeusi erregutu (…) edo Ulisesen belaunetara erori, erreguka. Bigarren hori iruditu zitzaion egokiena». Telemakori esker Femio eta Medonte mezularia barkatu zituen Ulisesek. Aedoa libratuko da jainkoengandik jasotako hitzak gizakiei eskainiko dien artista delako. Juan Kruz Igerabidek euskara ederrean eskaintzen digu pasartea “Ulises, Homeroren Odisearen bertsioa” lanean. Aedoek epopeiak kontatzen eta kantatzen zituzten; musika tresna batez lagundurik, heroien balentria harrigarriak eskaintzen zizkieten entzuleei. “Odisea” eta “Iliada” obren egile Homero, aedoa omen zen, narratzaile ospetsua. Ordutik hona, Eos jainkosak egunsenti kontaezinak ekarri dizkigu. Ordutik hona aedo kontaezinek euren kontakizunak eskaini dituzte munduan barrena, euren biziaren alde erregutuz, beraiek galduz gero, hitza galduko litzatekeelako, eta hitzak ez dira gure baitakoak, jainkoen arnasa baizik. Femiok bazekien ongi.