GARA Euskal Herriko egunkaria

Azken bost urteotan %12,4 igo da LABeko afiliatu kopurua

Izaskun Garcia antolakuntza idazkariak eta Igor Arroyo idazkari nagusi ondokoak azken bost urteotako datuak alderatu eta egungo LABen afiliatu kopuruaren berri eman zuten atzo: 2017an baino 5.095 afiliatu eta 433 ordezkari gehiago ditu orain. Estatu espainiarreko batezbestekoaren gainetik kokatu zuten sindikatuaren hazkundea eta afiliazio kuotaren eredu berri bat aurkeztu zuten. Aurrerantzean afiliazio kuota soldataren araberakoa izango da.


LAB sindikatuak azken urteotako datuen bilakaeraren balorazio ona egin zuen atzo Bilbon eskainitako agerraldian. Duela bost urtetik honako afiliazio datuen gorakada nabarmendu zuen: 5.095 afiliatu eta 433 ordezkari gehiago ditu orain. Guztira, 4.668 ordezkarirekin itxi zuen LABek 2021. urtea.

Izaskun Garcia antolakuntza idazkariak azpimarratu zuenez, Estatu espainiarreko gainontzeko sindikatuen batez besteko hazkuntzaren gainetik kokatzen da LAB. Horren erakusle, %12,4ko afiliazio hazkundea izan du, baita %19,85eko ordezkari hazkundea ere, inoiz LABek lortutako igoera handiena.

Halaber, EAEko datu ofizialak oraindik ere esku artean ez izan arren, Hego Euskal Herriko herrialde guztietan gora egin duela LABek nabarmendu zuen Garciak. Hirugarren sindikatu handiena da uneotan ELA eta CCOOren atzetik, eta bigarrenetik (CCOO) puntu bakarrera dago. Hurrengo urteari begira, CCOO ordezkaritzan gainditzea «erronka polita» izango dela aurreikusi zuen Garciak.

Eredu berria

Sindikatuak izandako hazkundeak LABek bultzatutako «sindikalismo eredu berriari» erantzuten dio bertako arduradunen ustez. Igor Arroyo idazkari nagusi ondokoak «eredu sindikal jakin bat krisian» dela ohartarazi zuen, zehazki, «elkarrizketa sozialera mugatzen dena eta boterearen aurka jartzen ez dena». LAB, aldiz, «berritu eta gaur egungo egoerara moldatu» dela ziurtatu zuen: «Etxeko langileekin eta autonomo faltsuekin ari gara lanean, ezinbestekoa dena prekarizazio garaiotan».

Bestalde, LABek hemendik aurrera indarrean izango duen kuota sistema berria aurkeztu zuen. Arroyok «marxismoa eta premisa sozialaren ideiak» jarraitzen dituela azaldu zuen, «bakoitzak ahal duena jarri eta behar duena jaso dezan». Hortaz, bost kuota ezberdin finkatuko dira, afiliatu bakoitzaren diru sarreren arabera aldatuko direnak, 5 eurotik 21 eurora. 2.000 eurotik gorako soldata duten beharginek orain arte baino gehiago ordainduko dute, «soldata baxuagoak dituztenek afiliatzeko aukera izan dezaten». Helburua argia da Arroyoren hitzetan: «Inor ez dadila geratu babes sindikalik gabe bere egoera ekonomikoaren ondorioz».

Emakumeen afiliazioa

Hego Euskal Herrian gehien hazi den sindikatua LAB dela azaldu zuten, eta afiliatu berrietatik %56 emakumeak direla nabarmendu. Arroyoren ustez, «sektore feminizatuen gorakadaren erakusgarria» da. Azken bost urteetan Nafarroan afiliatu kopurua %1,57 igo da eta, Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian, %0,89.

Hala eta guztiz ere, 2020tik 2021era EAEn afiliatu kopurua zertxobait jaitsi zen, %0,5 inguru zehazki. Arroyoren ustez, datu horrek ez dauka garrantzi handiegirik: «Azken urteetan izan diren gorabehera txikiak ez dira esanguratsuak. Alde batetik, hauteskunde sindikalen garai trinkoaren atarian gaudelako, eta, bestetik, pandemiaren ondorioz hauteskunde prozesu asko atzeratu egin direlako».