GARA Euskal Herriko egunkaria

Josu Zabalaren heriotzaren inguruko egia aldarrikatuko dute, mende laurden igarota

Igandean beteko dira 25 urte ETAko militante Josu Zabala «Basajaun» nafarra hilik agertu zenetik. Egiari Zor-ek ekitaldia antolatu du larunbaterako Etxarri Aranatzen, «egia jakiteko eskubidea aldarrikatzeko».


Egiari Zor fundazioak larunbat honetan, martxoak 26, Etxarri Aranatzen ekitaldia egingo du, Josu Zabala Salegi “Basajaun” ETAko militantea zenaren heriotzaren inguruan egia jakiteko eskubidea aldarrikatzeko. Hitzordua, 19.00etan, herriko plazan, jarri dute.

1997ko martxoaren 27ko goizean, Itziarko itsaslabarretan paseatzen ari ziren Debako bi bizilagunek gazte baten gorpua aurkitu zuten Mendatako muinoan. Zabalaren gorpuak bihotzaldean tiro bat zuen. Lau egun lehenago Korrika Bilbon amaitu zen eta egun hartan ikusi zuten bizirik azken aldiz, senideek 20. urteurrenean GARAri azaldu ziotenez.

Egiari Zorrek atzo, ohar baten bidez, gogora ekarri zuenez, «berehala iturri ofizialek bere buruaz beste egin zuen teoria zabaltzen hasi ziren».

Abian jarritako ikerketak, ordea, teoria ofizial hori apurtzen zuten hainbat froga mahaigaineratu zituen: gorpua agertu zen lekuan ez zegoen odol arrastorik, ondoan topatu zen pistolak ez zuen Zabalaren aztarnarik, ez odolik ez arrasto organikorik, ez barrutik ez kanpotik, eta bularreko zauria eragin zuen bala ez zen bertan edo inguruetan aurkitu.

Horrez gain, “Basajaun”-en zapatetako lurra aztertu ostean, analisiek baieztatu zuten lur hori ez zela gorpua agertu zen tokikoa.

Bestetik, autopsiak gorpua aurkitu baino hamabi ordu lehenago hil zela ondorioztatu zuen, baina inguruetako biztanleek ez zuten tiro hotsik entzun. Aldiz, bide malkartsu horietan ibilgailuen zarata entzun zuten.

Beste xehetasun batzuk are harrigarriagoak dira. Zabalaren praketako poltsikoan tabako gorri pakete bat aurkitu zuten, Chesterfield markakoa, bederatzi zigarro eta metxero batekin. Gazte nafarrak, ordea, ez zuen erretzen.

Duela 25 urte epaitegiari aurkeztutako dokumentuan, familiaren azken ondorioa da gorpuaren agerpenak «beste leku batean hil eta han aurkitzea nahi zuenak egindako eszenaratze artifizial batean pentsatzeko aukera ematen duela».

«Ondorioak aski sendoak dira pentsatzeko iturri ofizialek kasu honi buruz emandako bertsio ofiziala ez dela benetan gertatutakoaren egia». Horregatik, «25 urte igaro eta gero, egia jakiteko garaia» dela azpimarratu du Egiari Zor fundazioak.