GARA Euskal Herriko egunkaria

Suitzako glaziar batean agertutako gorpuek Zuberoara eraman dute Patxi Zubizarreta


Patxi Zubizarretaren “Zerria” lan berria aurkeztu zuten atzo, Donostiako Udal Liburutegian, Erein argitaletxearen eskutik. 2021eko Lizardi saria irabazi duen eleberria plazaratzean, Ordizia eta Gasteiz artean hazitako idazlearekin batera, azala eta barruko ilustrazioak egin dituen Antton Olariaga eta Inazio Mujika editorea izan ziren.

Zubizarretak azaldu zuenez, «memoria ariketa bat» egin du lan honekin eta, horretarako, Kanada eta Mexiko artean migratzen duten monarka tximeleten kasua ekarri zuen gogora, zeintzuek bidean aspaldi existitu zen baina gaur egun ez dagoen mendi bat inguratzen duten.

Hala ere, tximeleta ez, “Zerria” da lanaren izenburua. «Liluratuta geratu nintzen jakitean txerri bat etxe batean sartu, sehaska irauli eta bertan zegoen haurra jan zuela. Txerri hori epaitu eta hiltzera kondenatu zuten. Jabeak hiltzera ez, baina ikustera kondenatu zituzten, baita inguruetako txerri eta jabe guztiak ere. Eszena ikaragarria iruditu zitzaidan».

Horrekin batera, glaziarren urtze nabarmenak direla-eta, gorpuak agertzen ari direla ekarri du gogora idazleak, eta gorpu horiek istorioak dituztela atzean. Mujikak azaldu duenez, istorioa gaur egun hasten da, arranoaren eta erbinudearen metafora batekin, baina segituan sartzen dira glaziarrak aztertzen dituzten bi zientzialari. «Gorpu batzuk deskubritu ditut, bi gutxienez, Tsanfleuron glaziarrean», esaten dio batek besteari. Suitzan, beraz. Baina istorioak XIX. mendera garamatza eta Alpeetatik Pirinioetara, Zuberoara zehazki. Bi gorpuen nondik norakoak argitzea da liburuaren muina.

Lizardi saria

13-17 urte arteko gazteentzat bideratutako lanak 2021eko Lizardi saria jaso du. Adin tarte horri zuzendua baldin bada ere, editoreak azpimarratu zuen «guztiontzat» dela. «Helduentzako da. Jende arruntarentzat. Hemen gauden guztiontzat. Harribitxi bat da. Patxi Zubizarretaren biografian eta euskal literaturaren alorrean, harribitxia. Ez nuke esango aurrekoarekin hausten duenik, baina bai istorio ezberdin bat dakarrela. Modu metaforikoan hitz egiten digu, jakin-minak garamatza istorioan barrena, harrapatu egiten gaitu», adierazi zuen.

Lana Antton Olariagak biribildu du, azaleko eta barneko ilustrazioak eginda, Zubizarretak espresuki eskatuta. «Anttonen lana ikustea zoragarria izan zen», aitortu zuen. «Idazleak bere fikzioa egiten du eta guk transmutazioa egiten dugu, hizkuntza grafikoan», gehitu zuen Olariagak.