GARA Euskal Herriko egunkaria

ELAk eta LABek Gorenak Aernnovako kaleratzeak babestea kritikatu dute


LABek atzo salatu zuen lan-erreformak eta Lakuaren «pasibotasunak» ahalbidetu duela Auzitegi Gorenak Berantevillako Aernnovako lantegian 55 kaleratzeen espedientea babestu duen epaia.

Azaldu zuenez, enpresak covidak eragindako «krisi koiunturala baliatu zuen berregituraketa basatiari ekiteko». Eta kaleratzeak gauzatu ostean, «Portugalen bi lantegi erosi ditu» eta lan erritmoa hainbeste azkartu du, non kaleratze kolektiboarekin batera indarrean jarritako aldi baterako erregulazioa efekturik gabe utzi duen.

Prozesu osoan, Lakuako Gobernuak «begirale geldoaren» jarrera izan duela salatu zuen.

ELAk ere gogor kritikatu zuen Auzitegi Nagusiaren epaia. Enpresa Portugalen hedatzen ari dela adierazi zuen eta Berantevillako lantegian jendea kontratatzen ari dela. «Berriro ere agerian geratu da Rajoyren lan erreformak eta Sanchezen Gobernuak hori bertan behera utzi ez izanak kaleratze hauek gauzatzea posible egiten duela».

«Langileen eskubideak babestuko dituzten legeak exijitzen ditugu», nabarmendu zuen ELAk.