2022 API. 03 Bidasoa «izenik gabekoen ibaia» bilakatu ez dadin protesta egin dute Irunen Bidasoko uretan Ibrahima Dialloren gorpua agertu ostean, Irungo Harrera Sareak elkarretaratzea egin du, gaztearen heriotza ekidin zitekeela gogoratu eta migrazio politikak salatzeko. GARA irun Irungo Harrera Sareak elkarretaratzea egin zuen atzo herriko San Juan plazan, Bidasoko uretan zendu den azken migratzailea, Ibrahima Diallo, gogoratzeko. Asteazkenean topatu zuten gaztearen gorpua, desagertu eta hiru astera. “Korridore humanitarioak denontzat” lelopean egindako protestarekin Bidasoa ez dadila izan «izenik gabekoen ibaia» eskatu nahi izan zuten. Iaz, apirilaren 19an, Tessfiten heriotzaren berri izan genuela gogoratu zuten Irungo Harrera Sareko kideek. Hori izan zen Bidasoan migrazioaren aurkako politikek eragindako lehendabiziko biktima. Zazpi gehiago izan dira geroztik, mugan edo mugatik gertu. «Bidasoan, Mediterraneoan bezala, gertatzen ari diren heriotzak ekidin daitezke. Migratzaileak ibaia igerian gurutzatzera eramaten dituzten politikek indarrean jarraitzen duten bitartean, hildakoak izango dira. Migratzaileon izen-abizenak jakin nahi ditugu haien familien eta lagunen eskubideak defendatzeko. Duintasunagatik eta dolua pasa ahal dezaten», galdegin zuen Irungo Harrera Sareak. Hiru aste desagertuta zeramatzan Dialloren gorpua agertzearekin batera, aspalditik ohartarazten ari diren arazoa agerian gelditu da berriro: migrazio politikek heriotzak eragiten dituzte. «Ekidin zitekeen heriotza da. Irungo Harrera Sareak denbora luzea darama horrelako drama bat gertatuko zela ohartaraziz eta, horregatik, Ipar eta Hego Euskal Herriko erakundeei giza korridoreak eta denontzako bide seguruak eskatuz». Azkenik, Irun eta Hendaia arteko «poliziaren kontrol arrazistekin» amaitzeko eskatu zuten Harrera Sareko kideek, hori baita «migratzaileek bide ez seguruak hartzeko arrazoi nagusia». ACOGIDA DIGNALa Red de Acogida aplaude la rapidez de las instituciones vascas para atender a los refugiados ucranianos. Pero ha recordado que la mesa interinstitucional debe servir para dar una «acogida digna» no solo a los ucranianos, sino también a las «personas que vienen de África».