2022 API. 17 «BOSTEHUN ETA ZUTIK!» GAZTE MARTXA GAZTE ERAKUNDEAK, INDEPENDENTZIARAKO SOROA EREITEN HELMUGA BEZAIN INPORTANTEA IZATEN DA BIDEA. GAUR IRUñERA HELDU BITARTEAN, «BOSTEHUN ETA ZUTIK!» GAZTE MARTXA ESPERIENTZIA ETA MILITANTZIA ITURRI IZATEN ARI DA, ZUGARRAMURDITIK ELIZONDORA, AMAIUR ETA ERRATZU ZEHARKATUTA. BURUJABETASUNA XEDE, GAZTEEK ZER DUTEN EMATEKO ETA ESATEKO PARTEKATU DUTE ERNAI, ARRAN ETA OGRA SINN FEIN ANTOLAKUNDEEK. Oihane LARRETXEA Nagiak kenduta eta eguneko aurreneko kafea eskuartean, gazte andana gerturatu zen atzo goizean Akeita Gunera. Izan ere, Elizondon Gazte Martxak egitarau oparoarekin segitzen zuen aurrera. Ezagutzak eta esperientziak partekatzeko aukera aberasgarria eskaintzen zuen eguneko lehen hitzaldiak. Zein da gazteek duten ikuspegia Europan ematen ari diren prozesu independentisten inguruan? Zer dute esan eta eskaintzeko? “Prozesu independentistak Europan gazteen ikuspegitik” lelopean, Kataluniako Arran, Euskal Herriko Ernai eta Irlandatik hurbildutako Ogra Sinn Fein batu ziren Elizondoko hitzordura; Marina Gispert, Ainhoa Bueno eta Oisin O Siochain kideek hartu zuten hitza, hurrenez hurren. Hitzaldia lau galderen bueltan garatu zen, eta, besteak beste, burujabetza, langile klasea, hizkuntza, feminismoa eta kontzientzia aipatu zituzten. Bide luzea da egin dena, eta aurretik egiteke dagoena ez da makala. Etorkizun hori eraiki ahal izateko aliantzen garrantzia aipatu zuten, batek bestea eragin dezakeelako, pieza batek bestea aktibatu. Burujabetza zertarako galdetuta, Marina Gispertek azpimarratu zuen nazio borroka langileriaren borrokarengandik banaezina dela. «Estatu espainiarra herri ezberdinak eta bakoitzaren kulturak xurgatzeaz arduratu da. Nazio borroka ezinbestekoa da; are gehiago, zimenduak mugitzeko gai den bakarra da. Borroka hau langileriak zuzendu behar du». Ernaik, bestalde, burujabetzak pluralean ulertzen ditu. Gorputzeko burujabetasuna, ekonomiarena, lurraldearena… «Helburua estrategikoa da, eta hiru dira elementu nagusiak: independentzia, sozialismoa eta feminismoa», adierazi zuen Ainhoa Buenok. Elementu horiekin ados bai, baina beste bat erantsi zuen irlandarrak, bitala: hizkuntza eskubideak. Herri baten DNA ere hor baitago. Buenorentzat aldaketarako aukerak norberaren esku daude, borondatean, jarreran. «Alternatiba errealak mahai gainean jarriz eta botere guneak zalantzan jarriz» bidea egin. «Prozesuan izan/egin daitezkeen ‘kontraesanak’ aitortuz», Ernaitik «benetako aldaketa» planteatzen dela hitzeman zuen, «proposamen integrala» dela beraiena. «Nazio kutsuaren beherakada eman dela akaso… bada, independentismoa edukiz eta alternatibaz hornitu behar dugu, hobeto bizitzeko tresna bezala ulertzen dugulako», amaitu zuen. Gaztaroa, urrezko sasoia Burujabetzarako nahiak batzen ditu denak, baita gaztetasunak ere. Grina eta gosea, mundua hobetu nahi izateko kontzientzia. Arran erakundearentzat, adibidez, ez da kasualitatea militantzia gaztaroan hastea, izan ere, hori da bizitzako etaparik bizienetakoa, zentzu askotan. «Gaztaroa kontzientziaziotik pasatzen den aro bitala da, eta orduan ulertzen da, adibidez, zergatik diren beharrezkoak sozialismoa eta feminismoa. Oso garrantzitsua da gazteengan eragin ahal izatea, gazteria izan dadin kaleak hartzen dituena», uste du. Eslogan batetik urrundu nahi izan zuen baieztapena egitean, baina hala uste du: «Gutxi daukagu galtzeko, eta asko irabazteko. Saiatzeak merezi du». Gauza bakarraren gaineko nahigabea azaldu zuen Gispertek: militantzia gaztarora mugatzea. «Erreferente helduak falta dira». Asko izango dira gaztetan aktibo izandako gurasoak, militante izan direnak, baina bizitzako uneren batean militatzeari utzi diotenak. Buenok euskal gazteria elikatzeko iturriak aipatu zituen, direla ikastetxeak, gaztetxeak, emakumeek osatutako sareak eta bestelako taldeak. «Zalantzarik gabe, gazte mugimendua da dugun gauzarik baliotsuena». Eta bide hori kolektiboan eta batasunetik eraiki ahal izatea da, Ernairentzat, gakoa. Edo behintzat gakoetako bat. Beste behin Oisin O Siochain kideak eman zuen bestelako eredu baten adibidea, izan ere, oroitu zuenez, ordezkatzen duen gazte erakundea Sinn Fein alderdi politikoaren adarra da. «Batasun» horren inportantzia azpimarratu zuen berak ere. Eta, ildo horretan, Gispertek faltan botatzen duen erreleboa naturala dela esan zuen irlandarrak. «Gazteak eta helduak batera ari gara, etengabe». Kataluniak, Euskal Herriak eta Irlandak jarri zituzten mahai gainean haien zailtasunak eta errealitateak, baina abaguneak abagune, elkarri zenbat eragin diezaioketen jakin badakite. Hori bia, lehen urratsak nork bere etxean eman behar ditu, hori argi gelditu zen, izan ere, gertuko urrats horiek gabe nekez helduko dira urrutiagorako urratsak. Prozesu batek beste bat xaxa dezake, horregatik dira baliotsuak eta baliagarriak «aliantzak». «Herri baten aurrerapenak beste herri baten prozesua bultza dezake –uste du Buenok–. Kataluniako prozesuak edo Irlandak erakutsi digute independentzia egingarria dela, posible dela eredua, finean. Herri ezberdinak gara, bai, baina borroka beraren parte». Zuhaitz beraren adaxkak. Horiek lehortu ez daitezen, enborra da ureztatu behar dena. Iluntzean ekitaldi politiko nagusia egin zen. Gaua DJ Reimy, Erroka eta Madame Birrotsek girotu zuten, besteak beste. Militantzia aktiboa gaztarora mugatzea deitoratu dute. Erreferente helduak falta omen dira, salbuespenak salbuespen.