GARA Euskal Herriko egunkaria
BONBARDAKETAREN URTEURRENA

Gernikako herriari omenaldi musikala, gernikar baten eskutik

Gogora Institutuak laguntza eskaini dio Aitor Etxebarriari bere lana sortu dezan. Gernikako musikariak bere jaioterriaren bonbardaketaren 85. urteurrenerako konposatu du omenaldi sinfonikoa. «Gernika 85.» obra ekainaren 30ean estreinatuko da Bilboko Euskalduna Jauregian, eta bizirik atera zirenen testigantzekin osatuko da ikuskizuna.


Aitor Etxebarria konpositore garaikideak “Gernika 85.” obra sinfonikoa taularatuko du ekainaren 30ean, Bilboko Euskalduna Jauregian. Gernikako musikariak bere jaioterria omentzeko sortu du aipatu obra, bonbardaketaren 85. urteurrena betetzen denean. Gertaera historikoa musikaren bidez oroituko du egile bizkaitarrak, «ardura handiz».

Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak Bilboko kontzertuan proiektatuko diren bonbardaketatik bizirik ateratakoen bideo-testigantzak jarri ditu ekimenaren eskura. Bertan, lehen pertsonan kontatzen dute izugarrikeriatik eta sutik bizirik nola atera ziren. Testigantzok 2018an zehar grabatu ziren eta, 2019az geroztik, Gernikako Bakearen Museoan daude ikusgai.

Obra Bilboko Orkestra Sinfonikoak interpretatuko du, Mikel Fernandezek zuzenduta. Evelyn Glennie perkusio jotzaile eskoziar ospetsuak (bi Grammy sari irabazi ditu), Gernikako Gaudeamus abesbatzak eta Aitor Etxebarriak berak ere hartuko dute parte emanaldian (gernikarrak pianoa eta instrumentu elektronikoak joko ditu).

“Gernika 85.” Etxeberriaren lehen konposizio sinfonikoa da eta bere «proiekturik ausartena». Lau mugimenduz osatuta dago, eta lanak isiltasunak protagonismoa hartzen duen pasarteak eta estetika eszentrikoen eta paisaia minimalisten bidez soinu-ibilaldi batean dinamika gailena duten beste batzuk uztartzen ditu.

«Oso lan gogorra izaten ari da, eta, aldi berean, oso aberasgarria. Asko ari naiz ikasten kolaboratzen ari naizen pertsonengandik», nabarmendu zuen Etxebarriak lanaren aurkezpenean.

Konposizioan isiluneek berebiziko garrantzia dute, eta horietan txertatuko dituzte bizirik atera zirenen testigantzak. «Bakearen Museoko testigantzei musika jartzeko ohorea izan nuen», azaldu zuen konpositoreak horren inguruan.

Konposizio sinfonikoa antzinako musikaren eta musika garaikidearen arteko sinbiosia da. Isiluneen eta hitzen artean, sentimenduen eta hausnarketen artean mugitzen da. Euskaldunan eskainiko den kontzertu «errepikaezina gerraren basakeriaren aurkako alegatu gisa ere eratzen da, eta gaur egun inoiz baino oihartzun hurbilagoa du», antolatzaileen esanetan.

Glennieren ekarpena

“Gernika 85.” Glennie eta Etxebarriaren arteko bigarren lankidetza da, 2019an film baten soinu-banda elkarrekin sinatu ondoren. Sinergia horren ondorioz sortu zen eskoziarrak proiektu honetan parte hartzeko aukera. Mundu osoan ezaguna den perkusio jotzaileak Björk edo Mark Knoplfer bezalako artistekin grabatu du, eta Etxeberriarekin batera sortu ditu ekainean Bilbon zuzenean joko dituen zatiak.

«Londresen elkarrekin lan egin genuenean, konexio handia izan genuen, eta ez nuen izan zalantzarik berarekin obra honetan berriz lan egiteko, musika klasikoaren eta garaikidearen munduak primeran ulertzen dituen pertsona baita», Etxebarriaren hitzetan. Gernikarraren ustez, eskoziarrak «oso ondo ulertzen ditu soinu-estetikak eta gorputzeko frekuentzien pertzepzioak».

Kontzerturako sarrerak apirilaren 20an jarriko dira salgai. Euskalduna Jauregiko leihatilan bertan zein Internetez eskuratu ahal izango dira.