GARA Euskal Herriko egunkaria

Merezimenduen Dekretua aldatzeko 1.200 kexa bildu ditu Behatokiak

Hizkuntz Merezimenduen Dekretuaren kontra 1.200 kexa bildu ditu azkeneko hilabeteotan Hizkuntz Eskubideen Behatokiak eta atzo Maria Chiviteren Gobernuaren egoitzan erregistratu zituen.


Hizkuntz Eskubideen Behatokiko ordezkaritza bat Nafarroako Gobernuaren egoitzara gerturatu zen atzo Hizkuntz Merezimenduen Dekretuaren kontra herrialde osoko herritarrek aurkeztutako 1.200 kexa erregistratzeko asmoz. Herritar euskaldunekin batera, Nafarroako iparraldetik, erdialdetik eta hegoaldetik heldutako ehunka herritar erdaldunek ere babestu zuten atzokoan Behatokia.

Administrazio publikoetako lanpostuak lortzeko eta betetzeko merezimenduen balorazioa arautzen duen Nafarroako Gobernuaren Foru Dekretuaren zirriborroarekin oso kexu dira herritarrak. Gogoratu zutenez, Gobernutik proposatutako Merezimenduen Dekretu berria onartzen bada, «Euskararen Legeak ezarritako eremu euskaldunean eta eremu mistoko lanpostu publiko gutxi batzuetan soilik baloratuko da euskararen ezagutza».

«Ez hori bakarrik, legeak berme gehien eskaini beharko lukeen eremu euskaldunean izendatutako lanpostuetan ere, deialdi batzuetako merezimenduen atalean euskara %20 arteko pisua izatetik gehienez ere %10 inguruko puntuazioa izatera pasatuko da», gehitu zuten Behatokiko kideek.

Era berean, Behatokiak, euskararen ezagutzarik izan ez arren, herritarrei administrazioarekin euskaraz jarduteko eta zerbitzuak euskaraz jasotzeko eskubidea murriztea «diskriminatzailea» dela adierazten duten nafarren idatziak ere erregistratu zituen.

Etorkizuna jokoan

Egitasmoak zerbitzuak gaztelaniaz edo euskaraz jaso nahi dituztenen arteko desberdinkeriak areagotzen dituela ere salatu zuten. Hala, euskararen ezagutzarik izan ez arren, «zerbitzu publikoak euskaraz gaitzeko neurriak» eskatzen dituzten Nafarroako hego zein iparraldeko ehunka herritarren eskaerak jaso zituen Behatokiak. Horrekin batera, Behatokiko bozeramaileek azpimarratu zuten egun hartzen diren erabakiek «herritarren etorkizuna baldintzatuko» dutela eta nabarmendu zuten oraindik «garaiz» gaudela merezimenduei buruzko «dekretua aldatu eta zuzentzeko».

Horregatik guztiagatik, Behatokiak eta Nafarroako Gobernuaren egoitzaren aurrean bildutako herritarrek Maria Chiviteren Exekutiboari eskatu zioten Merezimenduen Dekretuak «herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko moduko merezimendua» ezar diezaiola euskararen ezagutzari.

Azkenik, Hizkuntz Eskubideen Behatokiak eta atzo erregistrora gerturatu ziren herritarrek bat egin zuten heldu den maiatzaren 7an Iruñean Euskalgintzaren Kontseiluak “Herritarrak ez gutxietsi” lelopean deitutako manifestazioarekin. Are, Nafarroa osoko herritarrei dei egin zieten bertan parte hartzera.