2022 API. 23 Getarian pisu turistikoen araua malgutzea eskatu du Lehiak Lehiaren Euskal Agintaritzak pisu turistikoak ezartzeko baimenak malgutzea eskatu dio Getariako Udalari, herrian dagoen arau subsidiarioak jarduera ekonomiko horri «beharrezkoak eta proportzionalak ez diren oztopoak» ezartzen dizkiola iritzita. GARA donostia Lehiaren Euskal Agintaritzak txosten bat ondu du asteon, eta, bertan, Getariako Udalari eskatu dio arau subsidiarioak alda ditzala, etxebizitza turistikoei «oztoporik» ez jartzeko. Alabaina, herriko araudiak ez du erakundeak galdegiten duen malgutasunerako bide ematen. Pisu turistikoen enpresa batek egindako eskaeraren erantzunean eman du ebazpena Lehiaren Euskal Agintaritzak. Zehazki, Udalari eskatu dio plangintzako arau subsidiarioak alda ditzala, «erabilera turistikorako etxebizitza partikularretan etxebizitza edo geletan ostatu hartzeko jarduera ekonomikoak jaso eta egin ahal izateko». Autoritatearen arabera, Getariako 2007ko arau subsidiarioek «beharrezkoak eta proportzionalak ez diren sarrera-oztopoak ezartzen dituzte» turismo-erabilerako etxebizitza pribatuetan jarduera ekonomiko hori gauzatu ahal izateko. Lehiaren eskaera, baina, ez da betearazlea, eta Getariako Udaletik GARAri azaldu diotenaren arabera, esandakoa betetzeak arau subsidiarioak «adostasunez» aldatzea eskatuko luke. Herriko araudia –arau subsidiarioen 73. artikulua– oso argia da uneotan: Getariako Udalak hotel-erabilerarekin parekatzen ditu pisu turistikoak eta, beraz, etxebizitza-lursailei dagozkien murrizketa berak aplikatzen zaizkie. Hala, Getarian pisu turistiko bat martxan jartzeko aukera bakarrak ondokoak dira: etxebizitza eraikinaren beheko edo lehenengo pisuan egotea edo partzela osoa nahiz bertako pisu guztiak jarduera ekonomiko horretara bideratzea; azken hori, normalean, ez da betetzen pisu turistikoen kasuan. Etxebizitza partikular bat erabilera turistikoetara bideratzeko eskaera Lakuako Turismo sailak jasotzen eta bideratzen du; hala ere, pisu horrek herriko udal arkitektoaren oniritzia jaso behar du ezinbestean jarduera ekonomikoa martxan jartzeko. Getariaren kasuan, etxebizitza ez badago beheko edo lehenengo solairuan kokatuta, atzera botatzen da eskaera, arau subsidiarioak ez betetzeagatik. Landa eremuko pisuak Lehiaren Euskal Agintaritzak, beste txosten baten bidez, Lakuako Gobernuari eskatu zion «erabilera turistikorako etxebizitzak eta etxebizitza partikularretako geletan» erabilera turistikoa baimendu dezala, landa inguruneko zerbitzu eta apartamentuen edo hotelen baldintza berdinetan. Agintaritzak ebatzi du pisu turistikoak Turismoaren Legean salbuetsita egoteak «oztopoak» eragiten dietela etxebizitza hauetan jarduera ekonomikoa gauzatu nahi duten jabeei eta, kontrara, gainontzeko ostatu turistikoei –landetxeak edo landa eremuko hotelak, kasurako– arreta «pribilegiatua» eskaintzen zaiela. CONDICIONANTESegún las normas subsidiarias, la puesta en marcha de un piso turístico en Guetaria está condicionada a que la vivienda se encuentre en el piso inferior o primero del edificio. En el... se rechazan las solicitudes.