2022 API. 30 Azala Estibalitz EZKERRA Literatur kritikaria On Photography” (Argazkilaritzaz) saioan argazkilaritzari buruz esandakoak argitu eta, zenbait kasutan, zuzendu asmoz argitaratu zuen Susan Sontagek “Regarding the Pain of Others” (Besteen minaren inguruan). Gerra argazkilaritza du aztergai azken horretan eta Virginia Woolfek “Three Guineas” (Hiru ginea) liburuan erantzuten saiatzen den hiru galderetako bati heltzen dio Sontagek: «Zein da gerra saihesteko modua?». Besteen sufrimendua irudikatzeko eta ulergarri bihurtzeko argazkien ahalmena eta baita ezina ere azaltzen ditu pentsalari estatubatuarrak. Erakutsi eta ezkutatu, bi gauzak egin ditzake argazkiak, betiere ezartzen zaion interpretazio markoaren arabera, baina ezin du tragedia ulergarri egin hura bizi ez duenarentzat. Besteen azalean jartzea, enpatiarako bide bezala aurkezten zaigun buru-ariketa antropofagikoa, falazia bat dela adierazten digu Sontagek: batek ezin du bestea izan, hain zuzen ere, bata ez delako bestea. Ildo horretan, esperientziak ez dira igorgarriak. Arriskutsua era bada bata bestea bihur daitekeen ustea, besteen minarekin izan dezakegun lotura, lausoa eta anakronikoa bada ere, ukatzen duelako. Eta, hala ere, bata bestea ez bada ere, besteen mina gure egin ezin badugu ere, ez da ezinezkoa hura ulertzea. Horretarako batek ez du azala aldatu behar. Izan ere, bere azalean jakin badaki gorputz oro zaurgarria dela, batzuk besteak baino zaurgarriago, akaso, gorputz horiei, berezitasun fisikoak eta kokapen geografikoa tarteko, ezarritako esanahiaren arabera.